NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

Rosa Valverde. Arte kaxak

Bere ibilbide osoan egin zituen kaxak Rosa Valverdek. Erakusketa monografiko honetan 52 kaxa bildu dira, 1975 eta 2012 artekoak, egileak sortutako guztien ia erdia.

  • 2022ko, urtarrilaren 27tik martxoaren 13ra arte
  • Asteartetik igandera, 10:00-20:00
  • Sarrera doan
  • Laborategia

Erakusketa honek, Isabel Sagüés komisario gisa daukana, arte kaxen bitartez bisitariari Rosa Valverderen unibertsora hurbiltzeko aukera emango dio.

ROSA VALVERDE (Donostia, 1953-Azkaine, 2015) artistak mota ezberdinetako sorkuntza artistikoak jorratu zituen bere ibilbidean: margolanak, marrazkiak, grabatuak, objektu-eskulturak... eta baita arte kaxak, azken hauek batez ere 2000. urtetik aurrera.

Kaxak dira, ziur aski, Rosa Valverderen sorkuntzarik intimoenak eta pertsonalenak. Hainbat objektuz osaturik daude, baina objektuek, bere horretan, solte, ez daukate baliorik. Objektu aurkituak dira, adiskideen opariak batzuetan edo bazar eta azoketan topatutakoak bestela. Artistaren sentikortasunak hautaturik, altxorrak balira bezala gorderik, bere estudioko edo etxeko apaletan jartzen zituen objektu horiek artistak, harik eta beren txokoa topatzen zuten arte kaxa batean. Han kokatzen dira hiru dimentsioko collage baten tankeran eta narrazio hunkigarriak sortzen dituzte, poetikoak, guztiz gogorrak tarteka.

Objektuak uztartzeko erabilitako lengoaia berezkoa da, aurreiritzirik gabea, erabateko askatasunaren jarreratik landua; funtsezko osagaiak dira umorea eta ironia. Sorkuntza hauek kitscha gogorarazten dute batzuetan, edo gauza kursiez baliatzen dira ziztatzeko, kontrasteak sortzeko.

Izenbururik gabe 1980    Izenbururik gabe / Sin título, 2002     Sal y pimienta La pastora y el cosmos    Mar de fondo     Se lo dedico a Piero     Izenbururik gabe / Sin título, 2022
 

Kaxak dira, ziur aski, Rosa Valverderen sorkuntzarik intimoenak eta pertsonalenak.

Hala dio Isabel Sagüések, erakusketaren komisarioak, katalogorako prestatutako testuan: “Rosa Valverdek bere kaxei buruz (edo bere margolanei buruz) hitz egiten zuenean, obraren inguruko kontuak azaltzen zituen. Orokorrean, objektuetako baten jatorriari buruzko pasadizoak kontatzen zituen, edo, bestela, kaxa amaitu ostean hari buruz sorturiko istorioren bat azaltzen zuen. Ez zuen kontatzen zer adierazi nahi zuen kaxa zehatz baten bitartez, edo obrak zer “esanahi” zuen. Egiaz, bera ere ez zen gai esplikatzeko, edo ez zuen modu esplizituan azaldu nahi, izan ere, arrazionalaren eta irrazionalaren arteko muga lausotik abiatuta sortzen baitzituen bere kaxak. Emozioen, pasioen eta jarreren ondare zabalak elikatutako pultsioetatik abiatzen ziren kaxak, Valverderen lan guztiak bezala. (...) Zoritxarrez, Rosa jada ez dago gure artean, eta ezin ditu azaldu erakusketa honetako kaxei buruzko istorioak. Baina, haren artxiboaren dokumentazioa aztertuz eta nire memoria oraindik freskora joz, saiatu nahiz kaxetako batzuk “janzten”, iruzkinen eta istorio txikien bitartez, ikusleari argi pixka bat emateko erakusketa honetan. “

(...) arrazionalaren eta irrazionalaren arteko muga lausotik abiatuta sortzen baitzituen bere kaxak.

Fernando Golvanok, bestalde, katalogorako idatzitako testuan dio, besteak beste: "Rosa Valverde (1953-2015) zen afinitate afektibo eta hautatuen konstelazio sortuberri horretako artistarik gazteena, eta 1978an aurkeztu zuen bere lehen erakusketa, San Telmo Museoan. Hainbat motibo eta elementu behin eta berriz agertzen dira bere pinturetan, eta beste euskarri eta kaxa batzuetara lekualdatzen dira halaber: animaliak (batez ere katuak eta txakurrak), Werther (bere txakurra), autoerretratuak, erretratuak, paisaiak, manikiak, femme fataleak, deabru-emeak, emakume erretzaileak, emakume-erretratuen kromoak, figura biluziak, adiskide margolariak, bainulariak, neska-mutikoak, itsas maskorrak, amebak, gau-paisaiak, musuak, agitprop feminista (hiru margolan, 1983an), Kristak, dantzariak, amatasunak, monjak, modeloak, aktoreen eta bestelako pertsonaia ospetsuen erretratuak, erlikia-ontziak, familiako oroitzapenak, perlak, kristalezko bolak, arrosa naturalak zein artifizialak, sirenak, igelak, harriak, lumak, marrazkiak, ehun brodatuak eta era askotako figura apaingarri txikiak, denda eta antikuarioetan aurkituak. Erreferentzia-mundu guztiz heteroklitoa, zeina bere kaxetako eszenografia txikietan leuntzen eta ordenatzen baitzuen. Hain justu ere, bere ekoizpenaren atalen artean, kaxen atalak izan zuen presentzia gutxien artistaren erakusketetan; hori dela-eta, bigarren mailako jardun noizbehinkako bat osatzen zutela ematen zuen. Alabaina, margolanek eta collagek adinako interesa eta balioa dute kaxek ere.”

Erakusketa hau proiektu handiago baten barruan kokatzen da, Baginen Bagara, bere helburuen artean gure inguruko artistak ikusaraztea duena. Rosa Valverderen lana lehenago ere ikusi ahal izan da San Telmon – besteak beste, artistak 1978an museoan egin zuen bakarkako lehen erakusketan –, eta orain, kutxak erakusteko aukera aprobetxatuz, formatu hori landu zuen sortzaile donostiarrarengan zentratutako ikerketa-kasu gisa planteatzen da, bere berezitasuna erakusteko. Gainera, bat dator Valverderen lanak museoko bildumetan sartzearekin, bai erosketa bidez, bai laster ezagutzera emango den paperezko obraren dohaintza bidez.

Bisita gidatuak

Bistak egiteko lekua webgunean erreserbatu behar da.

Jarduerak


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: