Oier Iruretagoiena artistaren San Sebastian eta fantasma erakusketa Kutxa Fundazioaren eta San Telmo Museoaren Artea abian proiektuaren barruan kokatzen da, sorkuntza garaikideari protagonismoa ematen diona.
Erakusketak izenburuak iradokitzen duen bezala, bi zati ditu: batetik, abiapuntu gisa martiri erromatarraren irudiaren inguruan bildutako lanen multzoa; eta, bestetik, Fantasma, lurrean hedatzen den soinuzko esku-hartzea.
San Sebastian arteak askotan irudikatutako santua da.
San Sebastian arteak askotan irudikatutako santua da, eta erakusketa honekin batera prestatutako argitalpenaren testuan Carmen Pardo Salgadok dioen bezala “martiriaren gorputzaren errepresentazioan ematen den indarkeriaren estetizazioan, sexuaren, minaren eta heriotzaren anbibalentzia ametitzen da begiesten ari denaren soan. San Sebastianen fantasmak –haren irudiak– biak hartzen ditu bere baitan: bai erlijioaren sukarra eta baita gizon-emakumeen desirak zein ametsak ere”. Hemen aurkezten diren obren kasuan, nabarmentzekoa da materialek prozesuan jasaten duten ageriko indarkeria, santuaren martirioaren lekukotasun ironikoa emanez. Eta San Sebastian santuarekin lotutako lanak Donostian aurkeztearen atzean ere, ironia antzeman daiteke.
Aretoko lurrean, zuzeneko irrati emisio bat zabaltzen duten hamarnaka entzungailuk osatzen dute “Fantasma”.
Aretoko lurrean, zuzeneko irrati emisio bat zabaltzen duten hamarnaka entzungailuk osatzen dute “Fantasma”. Berriro ere Pardo Saldagoren hitzetara joaz, “Irratia entzutearen berezko ezaugarria da gorputzaren eta ahotsaren dislokazioa; oraingo honetan, ordea, irratiak igortzen duena bereizteko ezintasuna eransten zaio. Hasieratik beretik San Sebastianen figurarekin batera agertu den indarkeriaren estetizazioan tematzen da aretoan barna hedatzen den murmurio apala (...). Haatik, soinu bidezko estetizazioak modu argiagoan erakusten ditu bere zauriak, eta entzumena asetzeko ezintasuna erakusten digu. Belarri-zuloak ez dira estaliko.
Orain badakigu, entzungailuak jarriz gero, belarriak kaltetuko lizkigukeela soinuaren potentziak. Horren ordez, soinuaren potentziak entzungailuak higatzen ditu poliki-poliki, materiaren narriadura eta sufrimendua inposatuz”.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2024 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: