NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

Norusta, Erlea Maneros Zabala

"Norusta" Erlea Maneros Zabalak Museo Bikoitza programaren barruan garatzen ari den lanaren lehen kapitulua da. Artistak ondoan jartze bat proposatzen du, bere paisaia biografikoaren eta museoko testuinguruaren artean; horrela, espazio-denbora harreman deszentratu bat markatzen du, proiektuak hartzen duen prestakuntza-epean zehar egin duen ibilbide pertsonaletik beretik sortuta.



  • 2020ko urriak 31 - 2021eko urtarrilak 31
  • Museoko bazkideentzako irekiera urriaren 30an.
  • Asteartetik igandera, 10:00-20:00.
  • Sarrera: 6 €
Norusta, Erlea Maneros Zabala
Norusta, Erlea Maneros Zabala
Norusta, Erlea Maneros Zabala

Pandemiak eragin dituen eta lan prozesuari gaineratu zaizkion baldintza ezohikoek bultzatuta, artistak zabaldu egin du gonbidapen honetan ezarritako esparrua, zenbait teknika are biziago erabiliz. Bide horretatik, museoko artxiboen inguruan hasitako ariketa lerratzen joan da, errealaren esparrura, momentuak berak sorrarazitako egoera mental eta fisikoari erantzunez.

Eta emaitza oszilazio dialektiko batean mugitzen da, bi objekturen eta horiek San Telmo Museoarekin duten harremanaren artean. Alde batetik, museoaren bildumako objektu bat dugu, erakusketan esangura berri bat hartzen duena; bestetik, museotik kanpo aurkitutako objektu bat, artistak dohaintza baten bitartez bilduman sartu duena.

Oszilazio dialektiko batean mugitzen da, bi objekturen eta horiek San Telmo Museoarekin duten harremanaren artean.

Lehen objektua Pedro Pérez de Castro (1823-1902) artistaren litografia bat da, museoaren funtsetatik aterea. Paisaia erromantiko eta ezaugarri plastiko nabarmenik gabeko horretan, euskal kostaldea ikusten dugu, lehorretik, Bizkaiko Lekeitioko Antzoritz lurmuturretik. Bi kilometroko itsaslabarra hartzen du Otoio mendiaren ipar isurialdean, itsasoarekiko mugan. Erlea Maneros Zabalak bisitatu eta haztatu egin du litografian goretsitako paisaia, itsasotik igoz, meteorologiak eta olatuek baldintzatutako hurbilketa zorrotz baten bitartez, halako moduan ezen nabigazio aldakorrak ezinbestean determinatu duen haren begirada fotografikoa. Eta atera den serieak litografia osatzen duen kostalde tarte bera dokumentatzen du, itsasoaren azal gaineko zenbait posiziotatik. Argazkiekin batera marrazki bat dago, bitakora-orri batez eta mapa batez osatu bat, horietan erregistratu baitira artistak egindako sartu-irtenen datak. Mapak kostaldeko lerroa deskribatzen du, itsaslabarreko guneak izendatzeko bertakoek erabiltzen zituzten eta dituzten toponimoekin batera. Guztira hamar izen identifika daitezke trazatutako lerro horren barnean.

Bigarren objektua orkatz (Capreolus capreolus) adar baten muturra da, artistaren familia-legatukoa. Jatorrizko erabileraren arrastoak galduak zeuzkan tresna bat da, eta istorioak, hipotesiak eta interpretazioak eman ditu, galtzeko bidean den oroitzapenaren ondorioz. Ikerkuntza-prozesuak erakutsi zuen antzina arrantzaleek erabiltzen zutela, arrain pozoitsuen ziztadak eta hozkadak neutralizatzearren. Proiektuaren parte gisa, Erlea Maneros Zabalak museoari eman dio pieza hori, eta bilduman sartu zeneko protokoloan egindako argazkia erakusten du.

Norusta hizkera horretakoa da, eta itsasotik euria ekarri ohi duen ipar-mendebaldeko isurialde beretik datorren haizearen izena da.

Bideo proiektatu bat da irudi horren osagarria. Horretan, adar beraren zenbait erretratu ikusten ditugu segidan, Lekeitioko herri hizkerako hitz berezi batzuk gainjarrita dituztela. Hitz aukeratuak sonoritate zehatz eta laburtuagatik nabarmentzen dira. Erlea Maneros Zabalak eskuzko idazkeraren izaera formala nabarmenarazten du, letren eskala naturala areagotuz eta desitxuratuz, letren izaera grafikoa esapide horien erretratu bihurturik, tributu gisa. Era berean, erakusketaren titulua, Norusta, hizkera horretakoa da, eta itsasotik euria ekarri ohi duen ipar-mendebaldeko isurialde beretik datorren haizearen izena da.

Museo barruan elkarren ondoko bi aretoz osatutako espazio autonomoak parentesi moduan funtzionatzen du, bildumako narratibaren beraren paraleloan den esparru kontzeptualtzat. Erakusketaren diseinurako, Erlea Maneros Zabalak bere egin ditu San Telmo Museoak aldi baterako hormak eraikitzeko erabili ohi dituen egitura modularrak. Egitura biluziek lehenagoko erakusketetatik datozen geruzak erakusten dituzte, eta ohikoez besteko artikulazio aldakorrez zabaldu dira. Horrela orografia bat sortzen dute, irudientzako dispositibo gisa, obra sortuaren eta horrek erakusketa-espazioarekin duen harremanaren artean ageri den tentsioari heldu beharretik abiatuta.

Erlea Maneros Zabala
Museo Bikoitza programa

Antolatzailea: San Telmo Museoa
Laguntzailea: Larrotxene Bideo


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: