Fernando Postigok 70eko hamarkadaren hasieratik 90eko bukaerara egindako kronika sozial, kultural, kirol eta politikoa erakusten du, Trantsizioaren fotokazetaritza gisa. Argazkilari donostiarra figura garrantzitsua da tokiko eremuan, eta bere lana Trantsizio-aldiaren esparruan gizarte-asaldura handiko urte horien testigantza da.
"Postigo. Garai baten kronika Fernando Postigo Silvaren Argazki Funtsetik hautatutako 300 argazkirekin antolatu den erakusketa da. Donostiako berriemaile grafikoak San Telmo Museoari argazki-funts hori dohaintzan eman zion 2016an. Guztira, 50.000 negatibo dauzka funtsak, gutxi gorabehera, koloretakoak zein zuri-beltzezkoak.
Argazki hautatu horien bitartez, erakusketak ezagutzera eman nahi du argazki-kazetariak, Gros auzoan jaio zenak, 1977tik 2001era bitarte egindako lana. “La Voz de España” eta “El Diario Vasco” egunkarietako hainbat sekziotarako lan egin zuen urte horietan, hain zuzen ere, aldi horretan, Gipuzkoan tirada handia zuten eta oso ezagunak ziren bi egunkaritan.
Postigo erreportari lanetan hasi eta lehenengo urteetan, asaldura politiko eta sozial handia eta aldaketa sakonak gertatu ziren Euskadin eta Espainiako Estatu osoan; egitura zaharren eta egitura berrien arteko tentsio biziko urteak izan ziren. 70eko hamarkadaren amaieran, eta hurrengo bi hamarkadetan, mota guztietako manifestazioak, istiluak, grebak, atentatuak eta gizarte-gatazkak izan ziren Donostiako kaleetan, eta Fernando Postigoren kameran eta garai hartako egunkari guztien –probintziakoak nahiz naziokoak izan– azaletan jasota geratu ziren une haiek.
Erakusketako irudiak balio artistiko eta dokumental handikoak direlako hautatu ditugu; 1977. urteko Donostiako Zinemaldian hasten dira, Luis Buñuel zuzendari aragoiarra omendu zen urtean. Erreportaje horren ondoren, kutsu politiko-sozial eta kulturaleko beste hainbat erreportaje eta argazki aurkituko ditugu, Funtsaren adierazgarri, eta, sorta bukatzeko, Ermuko kaleetan Miguel Ángel Blancoren hilketagatik protesta egiteko izandako manifestazioen seriea eta Ortega Lara askatu zuteneko argazkiak, 1997ko uztailekoak biak."
Elisa Querejeta Casares
Bisita berezi hauetan protagonista ezberdinek beren ikuspuntua azalduko dute. Bisita guztiak doakoak izango dira, 18:00etan hasita, eta izena eman beharko da. Leku kopuru mugatua.
Izen-emateak: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu / 943 481 561 (astelehenetik ostiralera: 12:00-14:00)
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2023 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: