Erakusketa munduaren lehen itzulia historia unibertsaleko gertaera giltzarri gisa kontatzeaz eta oroitzeaz gain, gizakiaren espiritu esploratzaileari eta ezezagunaren aurrean duen jarrerari egindako omenaldia ere bada. Antonio Fernández Torresek eta Indietako Artxibo Nagusiko artxibozain fakultatiboek, Guillermo Morán Dauchez eta Braulio Vázquez Camposek, zuzendu eta komisariatu dute.
Bidaiarik luzeena: lehen mundu bira Accion Cultural Españolak (AC/E) eta Kultura eta Kirol Ministerioak antolatutako erakusketa da, Magallaes eta Elkanoren lehen zirkumnabigazioaren V. mendeurrena dela eta. 2019ko irailean erakusketaren lehen edizioa inauguratu zen Sevillako Indietako Artxibo Nagusian. Egun horietan bostehun urte bete ziren Magallaesen armada Sevillatik abiatu zenetik, eta orduan ospatu ziren prestaketen arrakasta ekintzailea eta bidaia historiko honen hasiera. Orain, 2021eko udan, Bidaiarik luzeena San Telmo Museora iritsi da, eta esan daiteke erakusketa, jatorrizko piezen eta dokumentuen hautaketa eta egitura errepikaezina mantentzen dituena, berbera dela, baina aldi berean aldatu egin dela, eta, bere diskurtsoari leial izanik, eraldatu egin dela, lehen mundu birako beste une garrantzitsu batekin bat egiten duelako.
Orain dela bostehun urte, Juan Sebastian Elkano Victoria itsasontziko kapitain izendatu zuten tripulatzaileek; Moluka uharteetarako bidea hartu eta bidaia hau esplorazioaren historian funtsezkoa bihurtuko zuena gertatzen hasi zen: Elkano eta Victoria itsasontziko gizonak mendebaldetik itzultzea, eta munduari lehen bira ematea. Beraz, Gipuzkoako marinelaren garaia da, bere nabigatzaile irudia zabaltzekoa eta Indiako ozeanoan zehar egindako itzulera luzearen balentria nautikoa ezagutzera ematekoa. Erakusketak hori azpimarratu nahi du, eta hori egiteko modurik onena Getariako nabigatzailearen artxibo pertsonaleko dokumentu baliotsuak, Laurgaingo Dorrean (Aia, Gipuzkoa) berriki aurkitutakoak, gehitzea da.
Ametsa
Erakusketaren lehen eremuan testuinguru historikoa eta Malucoko Armadaren antolaketa bultzatu zuten arrazoiak aurkezten dira. Ideia amets izateari utzi eta proiektu bihurtzen hasten den une honetako gakoak eta protagonistak. Zenbait dokumentu eta piezek, Espezieriaren Armadaren Kapitulazioak edo Carlos I.aren bustoa kasu, lehen bloke hau egituratzen dute.
Abiatzea
Kapitulazioak sinatzearekin batera, erakusketaren bigarren eremuan sartzen gara. Ontziratutako tresnen jatorrizko zerrenden, tripulatzaileen nominen eta Magallaesen armadako bost ontzien ereduen bidez, XVI. mendeko Sevilla biziko dugu, bere garaian egindako bidaia luzeenerako armada bat antolatzeak ekarri zituen ahalegin eta kostuak ezagutuz. Eskulturek eta ikus-entzunezko batek agurraren unea eta bidaiaren hasiera testuinguruan kokatuko dituzte. Hemen, San Telmoren pieza batzuk ere aurkezten dira, Laurgainen lehen eskuz idatzitako gutunarekin batera, Carlos I.ak Juan Sebastian Elkanori egindako barkamen-zedula.
Esplorazioa
Itsasontziak ozeanoan daudela hasten da hirugarren eremua, Esplorazioa, non, lehen itzuliaren kronistek gidatuz, Magallaesen bidaiaren zeharkaldi eta eskala ezberdinak jarraitu ahal izango diren, mugarri garrantzitsuenetan, dokumentu, mapa eta pieza etnografiko ezberdinen bidez geldituz. Eszenografiak eta ikus-entzunezko elementuek bidaiaren zati bakoitza testuinguruan kokatuko dute, bisitariari gertaera desberdinak gertatu ziren meteorologia eta giroa ezagutaraziz. Magallaes itsasartea eta Ozeano Bareko gau ozeaniko handia dira erakusketaren zati honetako protagonistak.
Helmuga
Ozeano Bareko zeharkaldiaren eta giro aldaketa erradikalaren ondoren, erakusketa bere laugarren eremuan barneratuko da. Helmugan, Filipinetan nabigatzaileen bizipenak eta Moluka uharteetara iritsi arteko ibilbidea kontatuko dira. Magallaesen heriotza, Juan Sebastian Elkano Victoria itsasontziaren kapitain izendatzea eta armada Tidore uharte molukitarrera iritsi izana izango ditu hizpide. Cebuko Haur Santua, Valladolideko Museo de Arte Orientaletik datorrena, eta "Malucoko Bakeak" izeneko dokumentu garrantzitsua, eremu honetan aurkezten dira, non San Telmo Museoak ematen dituen pieza asko ere badauden, gehienak Filipinetako armak.
Itzulera
Moluka uharteak utzi ondoren, erakusketaren azken esparru handia hasten da: Itzulera. Hutsune ozeanikoa eta denboralea dira nagusi esparru horretan, eta Juan Sebastian Elkanoren eta Victoria itsasontziko gizonen eskalarik gabeko zeharkaldiaren handitasuna eta erronka teknikoa nabarmentzea du helburu nagusi. Aiako (Gipuzkoa) Laurgaingo dorreko, Lisboako Torre do Tomboko eta Francisco Alboren itsasbideko dokumentuek munduko lehen itzulia posible egin zuen itzulera bidaia luze eta ikaragarrian zehar gidatuko gaituzte.
Aldakuntza
Erakusketaren azken esparrua ontzia Sevillara itzultzea eta bidaiak bere garaian eta historian izandako oihartzuna dira. Bidaiatik itzuli diren gizonek espezien laginak eta beste bitxikeria batzuk eramaten dituzte gortera, baina, batez ere, orain arte egindako bidaia luzeenaren xehetasunak eramaten dituzte beren koaderno eta kroniketan. Mundua ez da gehiago berdina izango.
Ametsa
Baina bidaia luzeena ez da hemen amaitzen. Azken areto batean, Juan Sebastian Elkanoren eskuz idatzitako gutunak eta testamentuak El Sueño ikus-entzunezkoaren epilogoa eta sarrera izango dira, eta bidaia luzeenaren benetako gakoak ezagutuko ditu bisitariak. Gaur egun jarraitzen duen bidaia...
Ikusmen urritasuna dutenek areto testu egokituak deskarga ditzakete sakelekora erakusketa bisitatzeko, Begiris Elkartearen lankidetzari esker.
Uztailaren 3tik aurrera
Bisita gidatuak doakoak dira, baina museorako sarrera eskuratu behar da. Bisitarako lekua aurrez erreserbatu behar da webgunearen bidez uztailaren 1etik aurrera.
Museoak erakusketarekin lotutako hainbat hitzaldi eta jarduera antolatu ditu erakusketan ikuspegi ezberdinetatik sakontzea ahalbidetuko dutenak: hitzaldiak, mahai-ingurua, San Telmo Gaua, proiekzioa, ikuskizunak, haurrentzako eta familientzako jarduerak eta master classa.
Doako jardueren kasuan, beharrezkoa da lekua erreserbatzea museoaren webgunean (San Telmo gaua salbu).
Gainera, familiei begira, erakusketa modu jostagarrian ezagutzeko pista jokoa sortu dugu haurrekin modu autonomoan egiteko. San Telmo Museoan hasten da eta Euskal Itsas Museoko 24H Victoria ontzian erakusketan bukatzen da.
Jaitsi jardueren eskuorria (PDF)
Ikusi hemen jardueren xehetasunak (informazio eguneratuena)
Youtubeko erreprodukzio zerrenda honetan ikus daitezke erakusketarekin lotutako hitzaldiak, eta baita ere, 2018 eta 2020 artean museoak erakusketa honen hitzaurre gisa antolatutako Elkano Zikloko hitzaldiak. Denek ahalbidetzen dute mugarri historikoa hobeto ezagutzen eta aspektu ezberdinetan sakontzen.
Gaiarekin lotuta, Euskal Itsas Museoan 24H-Egun bat Victoria ontzian erakusketa dago ikusgai, hau ere Antonio Fernández Torres komisario duena. Erakusketa honek Victoria ontziko bizitzaren xehetasunak biltzen ditu, eta mundua aldatu zuen itsas-bidaian murgiltzen ditu bisitariak. Giropenak eta eraikinak berak Victorian, bidaiarik luzeena egin zuen ontzi bakarrean, itsasoratzera eta bertan egun eta gau bat bizitzera eramango ditu bisitariak. 2022ko urtarrilaren 9ra arte egongo da ikusgai.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2024 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: