NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

HAU. Euskal Herriko objektu tradizionalaren diseinu lehiaketa

Erakusketa honetan ikus daitezke HAU. Euskal Herriko objektu tradizionalaren diseinu lehiaketa irabazi duen proposamena eta epai-mahaiak hautatutako lan nabarmenak.

Lehiaketaren hirugarren edizio honetan zizeilua berrinterpretatu dute hautagaiek, euskal baserrietako jatorrizko altzari funtzionala. Horma batean kokatzen da sutondotik gertu eta lurrean sostengatzen den bizkarralde garaia du. Banku mahai honen berezitasun nagusietako bat bere taula eraisgarria da.

  • Gastrokultura gunean
  • Asteartetik igandera, 10:00-20:00.
  • Doan
HAU diseinu lehiaketa
HAU diseinu lehiaketa
HAU diseinu lehiaketa

Lehiaketa honen xedea euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea da. Horrela, ildo honetan ikerketa sustatzen da batetik, eta, bestetik, objektu tradizionalak egokitu, berritu eta berrinterpretatzea bultzatzen da, diseinu garaikidearen begiradatik. Era honetan, gure historiarekin lotura berriak sortzen dira baita diseinu alorrean ikerketa ildoak eta ekintza eremuak zabaldu ere.

Zura, proiektu irabazlea, ikusgai

Erakusketa honetan Uxue Ariztimuño Cenozek, Amaia Baztarrica Ceberiok eta Olatz Mandiola Sologaistuak sortutako ZURA proiektu saritua dago ikusgai, aurkeztutako lan nabarmenenekin batera:

Aipamen berezia
EAKO (Aizea Fernandez de Lapeña Larrea, Idurre Elorza Dominguez)

Proiektu finalistak
HUKA (Hugo Ostiza Garmendia, Maika Lacunza Arnedo)
TXELU (Unai Zabala Monasterio, Markel Uribarren Arteaga)
OHEyou (Sergio Rosinos Vivas, Gorka Olano Eizaguirre)

Proiektu hautatuak
SUSTRAI (Andrea Arruti Etxaniz, Julen Hernandez Etxezarreta)
ECOTXIL (Leire Garmendia Mugica, Garazi Otxandorena Ieregi)
JARGOI (Ander Otegi Blasco, Ibai Calleja Alonso)
ZuZüYou (Eneko Merino Sastre)

Lehiaketa hau Bitamine Faktoriak antolatu du, San Telmo Museoaren, Mondragon Unibertsitatearen, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Ramirez i Carrillo estudioaren laguntzarekin.

Zizeilua

Zizeilua sutondotik gertu kokatzen den altzari funtzionala da. Adibide gehienak XVI. eta XVII. mendekoak dira, XIX. mendera arte ekoiztu bazen ere. Jarleku luzea du, pinu, gaiztainondo edo makalaren zurarekin egindakoa. Horma batean kokatzen da sutondotik gertu eta lurrean sostengatzen den bizkarralde garaia du, inguruan egon litezkeen aire korronteak saihesteko eta suak sortutako epeltasuna ingurutik ez barreiatzeko. Altzari honen berezitasun nagusietako bat bere taula eraisgarria da, mahai modura erabiltzen den elementu hau bizkarraldearen erdialdean eusten da banden bitartez. Era berean, taula honek hanka bat du erantsita oinarri gisa.

Eredu batzuetan gortina, atez edo egur barra txikien bitartez itxitako espazio bat egokitzen da eserlekuaren azpian, suaren epeltasuna aprobetxatuz oiloak edo untxiak bezalako animalia txikien hazkuntzarako erabilia. Sofistikatuenetan, alboetako bizkarraldea osatzen duten bi itxiduretan armairu txikiak ere egokitzen dira. Lanketa dekoratiboari dagokionez, apaingarri tailatu xumeak izaten dituzte altzari hauek. XVIII. mendeko ereduetan ohikoa da bizkarraldeko pilareen gainaldean borobil formako apaingarriak topatzea, estela moduan; bere benetako esanahia ezezaguna izaten dirau gaur egun. Etimologikoki, latineko subselliu(m) hitzetik dator: sub (beheko) + sellium (aulkia) eta euskaraz hamaika aldaerarekin eman da, hala nola zizailu, zizilu, zizilo, züzülü, txisilu edo txitxelu, beste askoren artean.

Zizeiluaren erabilera baserriko barne hierarkian gainaldean zeudenei mugatuta zegoen, familia burua eta aita aldeko aitona esertzen ziren eta inguruan hiru hankako eserlekuetan eta eserleku baxuagoetan seme-alabak. Ordea, gonbidatuak zeudenean maila baxuenean zegoen ahaideak bere eserlekua laga behar zuen, abegi ona adierazteko. Etxeko emakumeek ez ohi zuten altzari hau baliatzen.

Zizeilua San Telmo Museoan

San Telmo Museoan bi zizeilu daude ikusgai. Mahai biribildua duen tipologia museoko klaustroan dago. Bestea, tamainaz txikiagoa, Tradizioak bizirik dirau ataleko baserrian dago, garai bateko sukaldea birsortzen den gelan.


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Flickr
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: