NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

Liñiou Faté: Ahaztutakoak

Bibendum (Michelineko gurpil-gizonaren jatorrizko izena) Saharaz hegoaldeko Afrikako puntuetara ere iritsi da. Han ere, konponketa mekanikoak egiteko tailerrak adierazteko erabiltzen da. Erakusketak tokian tokiko artistek -askotan ezezagunak- sortutako pinturak biltzen ditu, gurpil-gizonaren inguruko sormenaren erakusgarri.

  • 2017ko apirilaren 7tik uztailaren 2ra.
  • Asteartetik igandera, 10:00-20:00.
  • Doako sarrera
  • Komisarioak: Juanma Indo, José Luis Esarte
  • #STMbibendum
Bibendum_1_mini
Bibendum_2_mini
Bibendum_3_mini

Ikusi erakusketaren irudi gehiago gure Flickrreko bilduman.

Bibendum (Michelin gurpil-gizonaren jatorrizko izena) ikono komertzial ezagunenetarikoa da diseinuaren eta marketinaren historian. Mendebaldeko ikur bat, muga guztiak gainditu eta planetako bazter guztietara iritsi dena. Saharaz hegoaldeko Afrikan ere, hainbat tokitan bezala, gurpil zulatuak konpontzen dituzten tailerrak seinalatzeko erabiltzen da.

Han, tailerretako jabeak, soka batez edo txapaz eta torlojuz kamioi-gurpil bat josteko gai ez ezik, artistak ere badira, ikur ofi zialik ezean lanbidea adierazteko beren bibendumak pintatu ohi dituzte eta. Bibendumek, batzuetan, naif itxura hartzen dute; bestetan, askatasun osoz eginak daude, kaleko artearen adierazgarri; noiz edo noiz marketineko irudi ere ematen  dute. Marka bat irudikatzen dute, bai; baina askoz harago doaz.

‘Liñiou faté’ hitzek ‘ahaztutakoak’ esan nahi dute Senegalen eta Gambian mintzatzen den wolof hizkuntzan. Bibendum ikonoak piztutako sormena du hizpide erakusketa honek; hartara, Mauritanian, Senegalen, Malin, Burkina Fason, Gambian eta Beninen aurkitutako objektu originalak, argazkiak eta bideoak jartzen ditu ikusgai.

Bibendumaren inguruko sormenaren balioa agerrarazten du Juan Mari Indok, Afrikan egindako bidaietan. Izan ere, tokirik sinestezinetan aurkitu ditu, basamortuan, errepideetan, hiri eta herrixketan, harrizko edo hondarrezko bideetan… Egileak tokian tokiko artistak dira, anonimoak askotan, eta sinbolo hori irudikatzeko denetariko euskarriak darabiltzate: bidoietako txapa zabalduak, zurezko  oholak, errobera pilatuak zein eraikin eta txaboletako paretak.

Irakurketa soziologiko eta ekonomikorik ere badu erakusketak. Hegoa du solasbide, garapen bidean dauden herrialdeak, Mendebaldeak eta bere ikurrek baztertutakoak. Baliabide gutxiko sormen oparoa du mintzagai, bai eta ahaztura ere. Ahaztutako irudiak dira, desagertzera kondenatuak.

Parte hartu erakusketan #STMbibendum erabiliz

Museoak bisitariak gonbidatu nahi ditu Bibendumaz duten ikuspegia sare sozialetan partekartzera. Batetik, proposatzen du norberak bere Bibendum panpina marraztea eta #STMbibendum traola erabiliz sareetan partekatzea. Horiek on line album batera igoko ditu museoak, eta batzuk, familia tailerretan egingo dituztenekin batera, museoan jarriko den erakusketa batean txertatuko ditu.

Dagoeneko ikusgai dago jasotako marrazkien aukeraketa bat

Bestetik, bisitarien Bibendum gustukoena zein den jakiteko, animatzen ditu erabiltzaileak kuttunena aukeratu, argazkia atera eta #STMbidendum erabiliz sareetan partekatzera.

Jarduerak

Erakusketaren harira familia tailerrak antolatu ditu museoak: babetik, Bazen behin Liñiou Faté tailerrak 6-12 urte bitarteko haurrei zuzenduak (apirilaren 8an, eta ekainaren 10ean eta 17an), eta, bestetik, Afrikan mara-mara, 1-3 urtekoei eta 4-6 urtekoei zuzenduak, apirilaren 19 eta 22 artean. Gainera, ekainaren 3an, Liñiou Faté eguna egongo da Zuloaga plazan.

Ikusi hemen jarduera guztien inguruko xehetasunak.


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Flickr
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: