NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

Waste Lands: Lur suntsituak

13 emakume artistek (Afganistan, Argelia, Azerbaijan, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Libano, Maroko eta Palestinakoak) paisaia suntsituak eta pobretuak erakutsiko dituzte, 2000tik gaur egunera artekoak. Lur lapurtuak, ondasun arpilatuak, eta odol lekuak agerian utziko dituzte eskulturen, bideoen, argazkien eta beste hainbat adierazpideren bidez.

  • 2017ko martxoaren 4tik maiatzaren 21era
  • Aseartetik  igandera, 10:00-20:00
  • Astearteetan, doako sarrera
  • #STMwastelands
  • Komisarioa: Piedad Solans

Erakusketan hamahiru emakume artistaren lanak biltzen dira, eta egungo sorkuntzatik abiatuta, estalita eta konpondu gabe dauden krisialdien inguruko hausnarketa eta azterketa proposatzen ditu. Piedad Solansek erakusketan gertu eta ezkutuan dauden gatazken inguruko kontakizuna sortzen du, ulertzen eta dekodetzen  ikasi beharreko lubaki eta zauriak.

13 artistaren 28 lan biltzen ditu erakusketak: eskulturak, instalazioak, argazkiak, bideoak, liburuak eta nobela grafikoa. Gainera, gaiaren inguruko dokumentazioa ere kontsulta daiteke bertan.

Argazkiak

Ikusi erakusketaren argazki bilduma museoaren Flickr kontuan.

Jarduerak

Museoak jarduerak antolatu ditu, batetik, artistak eta beren obrak hobeto ezagutzeko, eta, bestetik, erakusketak lantzen dituen gatazkak hobeto ulertzeko: jardunaldiak; bisita gidatuak artistekin, komisarioarekin eta adituekin, eta familia tailerrak.

Ikusi hemen Waste Lands: eremu suntsituak erakusketarekin lotutako jarduerak. 

Horrez gain, taldeentzako bisita gidatuak lotu daitezke: 943 48 15 61 /  Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu

Parte hartzen duten artistak

LIDA ABDUL (KABUL, AFGANISTAN, 1973)

4-War_games_-what_I_saw-Abdul_Lida_web
Gaur egun Kabulen (Afganistan) eta Los Ángelesen (AEB) bizi da. Alemanian eta Indian bizi izan zen, errefuxiatu gisa, sobietarrek Afganistan inbaditu ondoren. Bideoartearen, performancearen, argazkiaren eta instalazioen bitartez, obrEk Afganistango kulturan eta artean eragina izan duten tradizio estetikoak biltzen ditu

Gatazkan diren herrialdeetako paisaiaren suntsiketa eta populazioen erresistentzia ditu inspirazio-iturri. Biziraupenari eta suspertzeko bideari egiten die dei.

Lida Abdulen webgunea

TAMARA ABDUL HADI (ABU DHABI, ARABIAR EMIRERRI BATUAK, 1980)

11-seven-tamara_abdul_hadi_web

Irakiarra jaiotzez, Montrealen hazi zen, Kanadan. Dubaira itzuli, eta han lan egin zuen fotokazetari eta fotoeditore gisa, besteak beste, Reuters agentzian, New York Timesen, The Guardian, The Wall Street Journal eta The Financial Times. Argazkigintzako proiektuetan, gizarte-injustiziari eta estereotipoak deseraikitzeari ekin dio.

2009an, UNRWAren (Palestinako errefuxiatuez arduratzen den Nazio Batuen Agentziaren) programa batean hartu zuen parte argazkigintza emakumeei irakasteko.

Tamara Abdul Hadiren webgunea

ZOULIKHA BOUABDELLAH (MOSKU, ERRUSIA, 1977)

2-algol-zoulika_bouabdellah_web

Bouabdellah-ren artelanek kultur bitasunarekin eta desorekekin jokatzen dute, bai eta kultur fusioarekin eta mugak gainditzeko ahalmenarekin ere. Artelanak egitean, kontuan ditu erakusten dutena baino gehiago ezkutatzen duten elementuak. Xede hau du: konbentzitzea gauzak ez direla ikusten ikusi behar liratekeen moduan; eta mugak gainditzera gonbidatzen du.

Hainbat sari jaso ditu; besteak beste, Abraaj saria (2009), Arte Garaikideko Meurice saria (2008) eta Villa Medicis Hors les Murs egoitzaldia (2005).

Zoulikha Bouabdellahren webgunea

AMINA BENBOUCHTA (CASABLANCA, MAROKO, 1963)

3-Benbouchta_Amina-Pige__Loup_web
Artean eta kulturan zituen kezkek eraman zuten Les Alignés moda eta kulturako aldizkaria sortu eta zuzentzera, 90eko urteetan.

2005ean, 212 Kolektiboa sortu zuen beste zenbait kiderekin batera: Marokon arte garaikidearen sorrera aldezteko eta sustatzeko erakunde bat.

Amina Benbouchtaren lanak pinturaren mugen araketan ditu sustraiak; irudi, eskultura eta instalazio bihurtzen ditu kontzeptuak eta behatutakoa. Arakatzen dituen bitartekoen askotarikoari esker, gaur egungo bizitzaren gizarte-egitura konplexuaren analisi osatua egiten du.

Sabrina Amraniren galeriako webgunea

GOHAR DASHTI (AHVAZ, IRAN, 1980)

5-Dashti_Gohar-Stateless_web

Argazkia eta bideoa darabiltza bere lanetan, zeinak serieetan gauzatzen baititu gehienbat. Gizarte auzien inguruan mamitzen du bere artegintza, historiari, gizarte modernoko kulturari eta oroimen kolektiboari leku berezia eginez.

Iranen eta Iraken arteko gerraren ondorioek hor diraute oraindik, eta emakumeak gaur egungo Irango gizartean duen lekua edo migrazioaren drama dira lanetan darabiltzan gai batzuk.

Gohar Dashtiren webgunea

RENA EFFENDI (BAKU, AZERBAIJAN, 1977)

13-rena_effendi-Pipe_Dreams._A_chronicle_of_lives_along_web
Effendik bere lanetan salatzen du Azerbaijanek eta beste herrialde batzuek sobietarren okupazioaren ondotik eta egungo gobernu eta enpresen diktadurapean bizi duten gizarte eta ingurumen egoera.

Azken urteotan, Sobietar Batasunaren ondorengo egoera hartu du langaitzat, bai eta Turkia eta Irangoa ere. Esate baterako,  2008an Errusiak eta Georgiak izan zuten gatazka, Kirgizistango heroinaren biktimak eta sexu-trafikoa, eta Teherango gazteen ezkutuko bizitzak.

Rena Effendiren webgunea

YERA EL-SHERBINI (DERBY, ERRESUMA BATUA, 1978)

10-The_End_of_Conflict_in_Middle_East-Yara_El_Sherbini_web
Umore garratzaz eta zenbait adierazpide erabiltzeko duen erraztasunaz baliatuta –hala nola performancea, bideoa eta instalazioa–, herri-jakinduria arakatzen du, eta gizarte-inguruneak eta hiriko azpiegitura gainazpikatzen. Umorea darabil tresnatzat jendearekin konektatzeko eta elkarrizketa-gogoetak martxan jartzeko, politikoki zuzena denaren mugak alde batera utzita.

Hainbat sari eta beka irabazi ditu: Research and Development Fund: Arts Council of England (2002), Arts and Humanities Research Board (2005) eta Arts Council England Touring Grant (2009)...

Yera El-Sherbiniren webgunea

MARIAM GHANI (NEW YORK, ESTATU BATUAK, 1978)

7-Ghani_Mariam-Blind_Crossing_web
Zenbait adierazpideren bitartez –bideoa, instalazioa, argazkia, testua eta performancea–, Ghanik zera aztertzen du batik bat: nola berreraikitzen den iragana orainean, eta nola eraikitzen den oraina etorkizunerako, narratiba publiko eta pribatuen aldaketaren bitartez.

Ghaniren lanek gai soziopolitikoak eta antropologikoak jorratzen dituzte, hala nola subjektuaren identitatea, emigrazioa eta giza eskubideak.

Mariam Ghaniren webgunea

KINDA HASSAN (BEIRUT, LIBANO, 1984)

1-_8days_and_war_kinda_hassan_web
Hassanek bideoa eta soinua darabiltza bere lanetan; baita argazkia ere, besteak beste.  Salaketa-ekintzen bidez errealitatea atzemateko darabiltza adierazpide horiek, ikusi ohi ez dena agerian jarriz. Lanaren ardatz nagusia  da frogatzea nola ageri diren politika eta erlijioa egunerokoan.

Ideologiaren, kontzeptuen eta bere egunerokotasunean bizi den giza gorputzaren arteko mugak arakatzen saiatzen da. 2008an, “eka3” arabiar musikaren plataforma sortu zuen beste zenbait kiderekin batera.

Kinda Hassanen webgunea

LARISSA SANSOUR (JERUSALEM, ISRAEL, 1973)

9-Sansour_Larissa._Nation_Estate_web
Sansour-en obraren ardatz nagusia fikzioaren eta errealitatearen arteko lehia da, eta lur-puska batekoa izanik lur-puska horretatik erauzia izatearen dikotomia.

Haren lanetan, genero desberdinetako erreferentziak eta xehetasunak ageri dira: zientzia-fikzioa, spaghetti westerna, Ekialde Ertaineko politikarekin eta gizarte-arazoekin bat datozen beldurrezko filmak. Unibertso paralelo bihurriak sortzen ditu hala, non balio-sistema berri bat deskodetu baitaiteke.

Larissa Sansourren webgunea

PARASTOU FOROUHAR (TEHERAN, IRAN, 1962)

12-Thousand_an_one_day-Parastou_Forouhar_web
Aita-amak erail egin zituzten 1998ko udazkenean, Teherango etxean, eta Forouhar eta neba ekintzaile bihurtu ziren. Ez zieten utzi heriotza haiengatik jendaurrean negar edo hitz egiten.

Parastouk zenbait adierazpide darabiltza bere artegintzan: interbentzio eta instalazioak, animazioa, marrazki digitalak, argazkia, zeinuak eta objektuak. Irango tradiziokoak diren kultur motiboez baliatzen da, hala nola kaligrafia islamdarraz eta persiar miniatura-pinturaz, Irango politikari buruz lan formal eta kritikoa garatzeko.

Parastou Forouhar Wikipedian

ELNAZ JAVANI (TABRIZ, IRAN, 1985)

6-Dealing_with_people-elnazjavani_web

Adierazpide bat baino gehiagotan jarduten du artegintzan: eskultura, marrazkia, instalazioak; eta indarkeria, pertsonen zaurgarritasuna eta identitatearen galera ditu ikergai.

Elnaz Javaniren webgunea

RAEDA SAADEH (UMM-AL-FATHEM, PALESTINA, 1977)

8-PENELOPE-Raeda_Saadeh_web
Bere lanetan, performancea, instalazioa eta argazkia erabiltzen ditu, eta generoaren eta identitatearen inguruko gaiak jorratzen, bai eta auzi politiko hauek ere: Israelek Palestina okupatu izana, norberaren lurra eta lekua galtzea eta palestinar herriaren erbestealdia.


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: