Esther Pizarro artistaren proiektua, paisaia naturalaren erreplika eta kultur nortasunaren eraikuntza bezala ulertuta japoniar lorategi bat birsortzen duena.Instalazio honek egungo japoniar lorategiaren espazioa mugatzen du Japoniaren azalerak hartzen duen espazioaren gainean. Museoko aretoa lorategi lehorra bihurtzen da, publikoa mugi daitekeen 20 tona gatzezko itsaso batek inguratuta.
Matadero Madridek eta Casa Asiak ekoitzia, eta azken honetako Kultura eta Erakusketen zuzendari Menene Gras Balaguer-ek komisariatua. Esther Pizarrok japoniar artxipelagoaren forma interpretatzen duen japoniar lorategi bat diseinatu du, kultura honen eta bere geografiaren balio estetiko unibertsalekin bat egiten saiatuz.
Japoniar lorategi bat, berez, begiestera gonbidatzen duen gune bat da, natura imitatzen baitu; horrekin batera, ordea, kode estetikoak partekatzen ditu kaligrafiarekin, artearekin eta tradizioarekin. Japoniar lorategi baten osagai guztiek sinbolismoa eta arau batzuk dituzte berekin, bakoitzaren esanahiaren eta kokaeraren berri ematen dutenak, kultura-identitate zehatzeko idazkera grafiko baten elementuak balira bezala. Proiektu honek Japoniako lurraldeak duen plantaren arabera mugatzen du lorategiaren espazioa, bere egitura administratiboaren zortzi eskualdeetan oinarrituta. Lorategi lehorra da, 20 tona gatzezko itsaso batez inguratua; zortzi eskualdeak uharte bihurtu dira, haien artean bideak ireki baitira ikusleak organismo bizi baten barruan bezala ibil daitezen.
Menene Gras komisarioak dioenez, “Esther Pizarroren interbentzioak Japoniaren mapa baten gainean esploratzen du mikrokosmos hori; uhartez osaturiko herrialde bat den aldetik ekiten dio, eta araua betez. Izan ere, lorategi batek bete behar duen lehen baldintza shakkei delakoa da, hots, markoztatuta egotea. Hala, banaketa politikoak zortzi eskualde eta berrogeita zazpi prefektura ezartzen ditu Japoniako artxipelagoa osatzen duten sei milatik gora uharteetan. Banaketa hori sinbolikoki irudikatuta dago artistak egindako eraikuntzetan, filosofiaren bidea artikulatzen baitu printzipio bati esker, zeinari japoniarrek wabi-shabi deitzen baitiote. Printzipio horrek oposizioak ezabatzen ditu, dena denean dagoela joz”.
ESTHER PIZARROk (Madril, 1967) doktoretza egin zuen Madrilgo Universidad Complutensen, eta irakasle titularra da Madrilgo Universidad European. Hiriaren alderako interesa, eta gizakia hirietan nola mugitzen den, hautematen duen eta identifikatzen den ikusteak sorrarazten dion interesa: horiek ditu bere ikerkuntzaren erdigune. New Yorkeko Pollock-Krasner Fundazioak, Erromako Academia de Españak, Parisko Colegio de Españak eta Estatu Batuetako Fullbright batzordeak eman dizkiote bekak. Espainian eta Espainiatik kanpo egin ditu bakarkako eta taldekako erakusketak. Azken urteotan, instalazio iheskor eta interbentzio asko egin ditu espazio publikoetan, dela aldi baterako, dela modu iraunkorrean; esate baterako, Shangaiko Erakusketa Unibertsalean, Zaragozako Expon edo Hangzhou-ko West Lake Park-en, Txinan.
Show cooking: japoniar sukaldaritza, hitzaldiak, bonsai tailerra... Begiratu programazioa
Aurrez erreserba egin behar da
943 481561
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2025 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: