NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

(FAB)BOTS

San Telmo Museoak (FAB)BOTS erakusketa aurkeztu du Laborategia espazioan. Disseny Hub Barcelona-k produzitutako erakusketa da eta hamar proiekturen bidez, diseinu eta fabrikazio digitalaren arteko jarraitutasuna arakatzen du fabrikazio pertsonalizatuko makinak asmatu, garatu eta programatuz.

  • Laborategi espazioa (2. Solairua)
  • 2011ko ekainaren 30etik urriaren 12ra / 10:00-20:00
  • Sarrera dohainik

Architectural Association (AA) arkitektura-eskolako eta IAAC Kataluniako Arkitektura Aurreratuko Institutuko ikasleek egindako proiektuen bilduma da, eta proiektu horiek diseinuko bi tailerretan garatu dituzte, Marta Malé-Alemany andrearen tutoretzapean eta Londresen Jeroen van Ameijde jaunaren eta Bartzelonan Víctor Viña jaunaren laguntzarekin.

Ikerketaren ondorioz, robot horiek sortu dira, eta horrek argi erakusten du —ohiko moduan industriaren produkzioak eskatzen duen optimizazioa alde batera utzita— konponbideak eskain daitezkeela, testuinguru ezberdinen arabera moldatzen diren konponbideak eta, materialen erabilerari dagokionez, konponbide oso-oso espezifikoak.

Espazio horretako proiektuetan zera irudikatzen da, hainbat diziplinatatik egindako ikerketa, fabrikazio aditiboaren printzipioak ingurune berrietara egokituz eta ingurune berri horietan ezarriz, betiere materialen produkzioari lotutako kontzeptu berriak bultzatzen dituzten inguruneak izanik.

Proiektuetan, habitat indibidualizatuak eta moldaerrazak eraikitzeko aukera aztertzen da, urruneko lekuetan edo azpiegitura mugatuak dituzten komunitateetan edo teknologia berriak eskuratzeko zailtasunak dituzten tokietan. Industriak ohiko moduan eskaintzen dituen konponbide estandarizatu eta aurrefabrikatuen kasuan ez bezala, makina horiek produkzioaren, ekonomiaren eta iraunkortasunaren eredu alternatiboak eskaintzen dituzte.

Fabrikazio aditiboaren inplikazioak arkitekturan

Arkitekturan, diseinu digitalari eta fabrikazioko tresnei esker, diseinatzaileek ordenagailuaren bidez proiektuak —erronka handiak dituzten proiektuak— gauza ditzakete formalki. Testuinguru horretan, (FAB)BOTS erakusketan hamar proiektu biltzen dira, diseinu konputazionalaren eta materialak produzitzeko metodoen arteko lanketa-prozesua ikertzen duten hamar proiektu, betiere zenbakiz kontrolatutako fabrikazioko gailu pertsonalizatuak asmatuz eta garatuz.

(FAB)BOTS proiektuak

FIBR(H)OUS(E)

FIBR(H)OUS(E)
  • Amrita Deshpande, Saahil Parikh eta Akhil Laddha (India)
  • Architectural Association, DRL v. 12, 2009-2010

Fibr(h)ous(e) proiektuan, behin-behineko etxebizitzetarako konponbide berriak aztertzen dira, diseinu eta fabrikazio-sistema digitalen bitartez. Egun batean eraikitzeko moduko etxebizitza autosufiziente eta arinak ezartzeko sistema bizkor bat diseinatu da; harizpiak bobinatzeko erraz garraiatzen den makina multiaxial eta tolesgarri baten kontzeptuan oinarrituta dago.

DREAMWEAVER

DREAMWEAVER
  • Melat Assefa (Etiopia), Brian Peters (Estatu Batuak), Joao Albuquerque (Portugal)
  • IAAC (Kataluniako Arkitektura Aurreratuko Institutua), 2010

Puntu-lana prozesu material oso ezaguna da; mundu osoan eskuragarri dagoen antzinako teknologia da, eta biziki azkar gauza daiteke eskuz eragindako makina sinpleekin. Dreamweaver proiektuan trikotosa biribilak pirateatzen dira zenbakiz kontrolatutako robot integratu batekin.

DIGITAL VERNACULAR

DIGITAL VERNACULAR
  • Shankara S. Kothapuram (India), Mei-Ling Ling (Taiwan), Ling Han (Txina), Jiawei Song (Txina)
  • Architectural Association, DRL v. 12, 2009-2010

Digital Vernacular proiektuan, etxebizitzak in situ ezartzeko diseinu-sistema bat esploratzen da; eraikuntza-metodo berritzaile batean oinarritzen da eta zenbakizko kontroleko gailuak erabiltzen ditu material oretsuak —buztina, esaterako— jalkitzeko.

FLUID CAST

FLUID CAST
  • Ena Lloret (Danimarka), María Eugenia Villafañe (Argentina), Jaime De Miguel (Espainia), Catalina Pollak (Txile)
  • Architectural Association, DRL v. 12, 2009-2010

Fabrikazio digitalaren logikaren barruan, materialaren portaera aztertuz, fase-aldaketako materialak gogortzeko teknologia esploratzen da proiektuan, ura elementu katalizatzaile gisa baliatuta. Helburua zera da, digitalki kontrolatutako eraikuntza-sistema bat garatzea, ur barruan berehalako egiturak eratu ahal izateko.

MIMICRY

MIMICRY
  • Mia Gorretti Layco (Estatu Batuak), Georgia Kotsari (Grezia), Tomasz Starczewski (Polonia)
  • IAAC (Kataluniako Arkitektura Aurreratuko Institutua), 2010

Naturan dauden sistema gorakorrei —esate baterako, pinguinoen taldeei edo termitek egiten dituzten mendixkei— erreparatuz gero, argi ikusiko dugu sistema antolatuek askoz ere modu eraginkorragoan funtzionatzen dutela kolektiboan banaka baino. Talde handiko portaera sakonki aztertu izan da, baita ordenagailuz simulatu ere, baina ez da inoiz aplikatu fabrikazio-prozesu batean.

SANDBOT

SANDBOT
  • Joel Letkemann (Kanada), Viraj Kataria (India), Fabio López (Kolonbia)
  • IAAC (Kataluniako Arkitektura Aurreratuko Institutua), 2010

Sandbot proiektuan moldekatze-prozesu berriak esploratzen dira, birziklagarriak eta kostu txikikoak guztiak ere, harea edo hondarra erabilita eraikuntzako osagaiak produzitzeko molde gisa. Fresatzeko makina eramangarritzat hartzen da, askotariko tresna eta guzti; harea landu/presionatzeko makina bat da eta molde konplexuak produzitzen ditu, hainbat material (eskaiola, zementua eta beste batzuk) potentzialki atxikitzeko aukera izanik.

HELIOBOT

HELIOBOT
  • Felipe Pecegueiro (Portugal), Jorge Orozco (Mexiko), Kfir Gluzberg (Kanada)
  • IAAC (Kataluniako Arkitektura Aurreratuko Institutua), 2010

Heliobot prototipo bat da; eguzki-energiaz elikatzen den makina baten prototipoa, eskala naturalean. Fabrikazio digitalerako da, in situ, eta modu autonomoan funtzionatzeko gai da. Eguzkiaren energia baino ez du behar, eta eguzki-energia hori kontzentratu egiten du prestatze-prozesuan dauden materialak eta/edo eraikuntzako elementuak erre, berotu eta mozteko, gero muntatu ahal izateko.

FAB [a]THING

FAB [a]THING
  • Jun Huang (Txina), Jessica Lai (Zeelanda Berria), Asim Hameed (Pakistan)
  • IAAC (Kataluniako Arkitektura Aurreratuko Institutua), 2010

Fab[a]Thing prozesu bat da, in situ diseinuko/fabrikazioko berehalako prozesu bat; izan ere, pentsatzea, prozesatzea eta behin betiko eraikuntza ia aldi berean gertatzen dira. CAD-CAM prozesu moduan pentsatua dago, interaktiboa eta sentikorra, eta azken erabiltzailea diseinura hurbiltzen du, errealitate handituko interfaze baten bitartez krokis bat egin baitezake in situ.

NGPS (Non Gravitational Printing System)

NGPS (Non Gravitational Printing System)
  • Ali Basbous (Libano), Miquel Lloveras (Espainia)
  • IAAC (Kataluniako Arkitektura Aurreratuko Institutua), 2010

NGPS prototipo bat da, deposizio multilateraleko makina baten prototipoa eta material oretsuaren (eskaiola, esaterako) tanta txikiak askatzen ditu alginatozko eta urezko bainu likido batean. Disoluzio kimiko horri esker, jalkitako likidoak tanta esferiko perfektuak sor ditzake. Proiektuaren kontzeptua El Bulli jatetxeko Ferran Adriá chef ospetsuaren «gastronomia molekularreko» esperimentuetatik sortu zen.

PNEUmorphosys (pneumo-morphing-system)

PNEUmorphosys (pneumo-morphing-system)
  • Natalija Boljsakov (Peru), Brian Miller (Peru), Carlos Naranjo (Panama)
  • IAAC (Kataluniako Arkitektura Aurreratuko Institutua), 2010

Ikerketa honetan, eraikuntza-prozesuan airea txertatzeko aukerak esploratu dira, egiturak optimizatzeko, materialak banatzeko eta transformazioko agente moduan. PNEUmorphosys proiektua enkofratu malgua da eta digitalki kontrolatutako balbulen sistema adimendun bat dauka, barrunbe independente sorta batean aire-fluxua erregulatzeko.


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Flickr
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: