NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

Historiaurrearen abentura Gipuzkoan

Historiaurrearen abentura Gipuzkoan

San Telmo Museoak Gipuzkoako Historiaurreari buruzko erakusketa ikusgai izango du urtarrilaren 15era arte. Erakusketa Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera egin da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta Ekainberriren laguntzaz. Helburua arkeologiaren alorrean eginiko ikerketak azaltzea da, XIX. mendean hasi eta, pasoz pauso, gaur eguneko diziplina arteko ikerketetara iritsi arte. Honetaz gain, "Historiaurrearen abentura Gipuzkoan" erakusketak ibilbide honetan parte hartu dutenak ere gogora ekarri nahi ditu, eurak egindako lanari esker Gipuzkoako ondare historiko eta kulturala aberastu egin baita.

Erakusketa bi zatitan antolatua dago.

Lehenengo zatia: 1879tik 1970eko hamarkadara arte

Lehen aurkikuntzak (1879-1917)

Lehen aurkikuntza ofizialak (1879-1917) inguruko zaletu, elkarkide edo adituek egin zituzten. Gipuzkoako arkeologiaren lehen pausoetan, lehenengo estruktura megalitikoa aurkitu zuten Aralarren (Jentilarri dolmena), aztarnategi baten lehen ikerkuntza egin zen Errenteriko Aitzbitarte haitzuloan eta harri zirkulua edo cromlecha deritzon fenomenoa topatu zuten.

Jentilarri dolmena (Aralar)

Jentilarri dolmena (Aralar)

Errenteriko Aitzbitarte haitzuloa

Errenteriko Aitzbitarte haitzuloa

Arkeologia Zientifikoaren lehen urratsak (1917-1936)

Aurkikuntza hauek egin eta gero, ikerkuntzarako urte bikainak iritsiko dira. José Miguel Barandiaran, Telesforo de Aranzadi eta Enrique Eguren izango dira lehendabiziko ikertzaile guztiz zientifikoak, aintzat hartzen zuten, esaterako: aztarnategiaren kartografia eta dokumentazioa, estratigrafiaren erregistroa, jasotako materialen azterketa eta ateratako lurren behaketa. Eta, gainera, hori dena osatzeko, emaitzak argitaratzen zituzten.

Telesforo Aranzadi, José Miguel Barandiaran eta Enrique Eguren euskal arkeologia zientifikoaren aitak dira

Telesforo Aranzadi, José Miguel Barandiaran eta Enrique Eguren euskal arkeologia zientifikoaren aitak dira

Arkeologiaren etenaldia (1936 - 1947)

Gerra Zibilak (1936) indusketak eten egingo ditu. Garai honetan aipatutako hiru arkeologoak Urtiagako (Deba) haitzuloan ari ziren lanean, baina egoera zela eta ikerkuntza bertan behera utzi behar izan zuten. Orduan, norberak bere bidea hartuko du: Eguren, Oviedora joan eta 1944. urtean hilko da, Aranzadik Bartzelonara alde egingo du eta 1945.urtean hilko da, eta Barandiaran Sara herrira erbesteratuko da.

Saran idatzitako Barandiaranaren eskutitza

Saran idatzitako Barandiaranaren eskutitza

Arkeologiaren susperraldia (1947-1953)

Talde emankor hura desagertzean, historiaurreko ikerketak bertan behera geratu ziren, harik eta 1947an Aranzadi Taldea sortu zen arte. Aranzadi sortzearen helburua, besteak beste, hirukote ikertzaile horren lanak jarraitzea izan zen. Tomas Atauri, Jesus Elosegi, Manuel Laborde edo Luis Peña Basurto izan ziren sortzaileetako batzuk. Arkeologiaren berpiztearekin batera, sortu berri zen taldeak Barandiaran etxera ekartzea erabaki zuten Historiaurreko ikerkuntzak sustatzeko asmoz.

Tomás de Atauri, Jesús Elósegui eta Manuel Laborde, Aranzadiren sortzaileak
Tomás de Atauri, Jesús Elósegui eta Manuel Laborde, Aranzadiren sortzaileak
Tomás de Atauri, Jesús Elósegui eta Manuel Laborde, Aranzadiren sortzaileak

Barandiaranen itzulera (1954-72)

Gipuzkoara itzuli bezain laster, Aranzadi Taldeak bertako Historiaurrea eta Etnografia sailen zuzendari jarri zuen. 1954.urtetik aurrera, Barandiaran eta bere lankideek ikerketak egingo dituzte, besteak beste, Lezetxiki edo Marizulo kobazuloetan, Intxurreko gotorlekuan, edo Otsaarte eta Aitzetako Txabala megalitoetan. Lan horiei eta Barandiaranek irakatsitakoari esker, gerora euskal ikerketetan erreferentzia izango diren historiaurrelarien belaunaldi berri bat sortuko da, esate baterako: Jesus Altuna, Juan Maria Apellaniz, Ignacio Barandiaran edo Jose Maria Merino.

Arkeologiaren kontsolidazioa (1954-1972)

60ko hamarkadan, Gipuzkoan topatutako hainbat aurkikuntzek nazioarteko erakundeen interesa erakarri zuten eta lurraldeko arkeologiari bultzada handia ematen zion. 1962.urtean bi izan ziren arreta erakarri zutenak: Altxerriko haitzuloan (Aia) topatutako pintura eta grabatuak eta Lezetxikin (Arrasate) aurkitutako Euskal Herriko giza aztarna zaharrena –emakume baten besahezurra-. Gainera, 70. hamarkadaren hasieran Axtrokiko (Eskoriatzako) kaikuak aurkitu zituzten, Europako erakunde askok azaldu zuten Brontze Aro Bukaerako ale bozeldu honekiko interesa.

Axtrokiko (Eskoriatzako) kaikuak
Altxerriko haitzuloa (Aia)
Lezetxikiko haitzuloa (Arrasate-Mondragon)

70eko hamarkadan aurrera joan ahala, Jose Migel Barandiaranen lankide izandako Jesus Altuna protagonista bihurtu zen Gipuzkoan egindako historiaurreko ikerketetan: berak zuzendu zituen Ekain (Deba), Arbil (Deba) edo Amalda (Zestoa) kobazuloetako aztarnategiak eta Oianlekuko harrespila (Oiartzun). Garai honetan eta lehenengo aldiz Espainian, hainbat diziplinek hartu zuten parte ikerketetan: Arkeozoologia, Palinologia eta Sedimentologiako laborategiak sortuz.

Bigarren zatia: 1973. urtetik gaur egunera arte

Garai berriak (1973-2011)

80ko hamarkadan bidertu egiten dira ikerkuntza kopuruak. Denboraldi honetan ere belaunaldi berri bat sortuko da: Angel Armerdariz, Paco Etxeberria, Lourdes Herrasti, Josean Mujika edo Xabier Peñalver, besteak beste. 1987 eta 1988 urte bitartean Labeko Koba induskatu zen (Arrasate). Azpiegitura-lan batek historiaurreko ondare baten gainean izango zituen ondorioak arintzeko lehen indusketa izan zen, hau da, larrialdiko arkeologia esaten zaiona.

90eko hamarkadan, aurreko hamarraldiaren martxa berean jarraitu zen lanean. Gasteizen Euskal Herriko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saila sortzeak eta 1991ean Euskal Herriko Kultura Ondarearen Legea aldarrikatu izanak, batetik, legegintza arloan ondareen babesa bultzatuko du eta bestetik, historiaurrearen arloko ikertzaileak eta lanak ugaritzen lagundu du.

Mende berri honetan nagusi izan dira Gipuzkoan aurkitutako labar-pinturak (Praileaitz eta Astigarraga) eta material garrantzitsua (Praileaitz, Lezetxiki eta Irikaitzeko pieza ikusgarriak). Horiei esker, Gipuzkoaren historiaurreari buruzko ikerketek interesa pizten jarraitzen dute nazioarteko ikertzaileen artean.


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: