NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

200 urteko hiria: Donostiaren garapen urbanoa 1813-2013

“200 urteko hiria” azken 200 urte honetan Donostiako hirigintza marrazten duen lerro baten zehar egiteko paseo bat da. Hiria erre, suntsitu eta berreraikitzeko ebazpenaren Bigarren Mendeurrena dela-eta Donostiako Udalaren proiektu bat da, Hirigintza Zuzendaritzaren, Donostia Kulturaren eta San Telmo Museoaren bitartez gauzatua, Muy diseño&arquitectura estudioaren, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren eta Etxegintzaren laguntzaz gauzatua ere.

Elkarlanean gauzatutako proiektua da, bada, hainbat erakundek, elkartek eta ikaslek parte hartuta Bigarren Mendeurrenaren 12. mugarria osatzen duena. Erakusketak, azaroaren 12tik abenduaren 8ra San Telmo Museoko Laborategia aretoan ikusgai, arkitekturaren eta hirigintzaren elementu zenbait deskribatzen du, eta hiriko Alde Zaharrari erreparatzen dio bereziki.

200 urteko hiria” erakusketaren edukia hiru elementu nagusitan banatzen da: denboralerro bat, deskribapen arkitektoniko bat eta ikus-entzunezko bat. Hirurek Donostiaren bilakabidearen berri ematen dute, 1813an gerra napoleonikoen testuinguruan suntsitua izan zenez geroztik gaur egun arte.

Gainera, erakusketarekin lotutako informazio zabala biltzen du proiektuaren webguneak.

  • 2013ko azaroaren 12tik abenduaren 8ra.

Denbora-lerroa: hirigintzaren azalpena

Hirigintzaren gertaerak konposizioaren bidez antolatutako hurrenkera kronologikoan kontatzen dira; izan ere, aretoko paretetan barrena aurrera egin ahala, grafikoki eta ikuste aldetik
denbora iragaitearen ideia gero eta nabariago geratzen da.

Kontakizun hau plano eta argazki historikoen mosaiko batzuek osatzen dute, non edukia azaltzeko testuak tartekatzen diren.

Alde Zaharra: deskribapen arkitektonikoa

Hirigintzari buruzko azalpenen osagarri, Donostiako Alde Zaharreko aparteko eraikinen azalpen arkitektoniko bat agertzen da. Deskribapena Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Gidaliburuan jasotako dokumentazioan oinarritzen da. Egileak berak, Luis Sesek, gidaliburuan agertzen diren deskribapenak eta planoak digitalizatuta helarazi ditu.

Horrez gain, Donostiako Udal Artxibotik eskuratutako eraikin bakoitzaren plano historiko ugari gehitu dira, informazioa osatzeko.

Guztira aparteko 20 eraikin edo guneren dokumentazioa lortu eta jorratu da. Hona hemen landutako eraikinak, oraindik orain egon badaudenak nahiz desagertu direnak:

  • Konstituzio plaza
  • Liburutegia / Udaletxe zaharra
  • Santa Teresa komentua
  • San Bizente eliza
  • Santa Maria eliza
  • Trinitate plaza
  • San Telmo Museoa / komentua
  • Zuloaga Eskolak
  • Bulebarreko zumardia
  • Bretxako merkatua eta arrandegia
  • Kasino Handia eraikina / Udaletxea
  • Goikoa jauregia
  • Aquarium / Itsas Jauregia
  • Portua
  • Pasealeku Berria
  • Urgull mendia / Motako gaztelua
  • Club Nautikoa
  • Santa Katalina zubia
  • Antzoki Zaharra

Ikus-entzunezkoa

Ikus-entzunezkoak erakustaretoa eta kanpoaldea harremanetan jartzen ditu, eta, era berean, hiriaren iragana eta oraina batzen ditu. Donostian barnako paseo bat da, bertako kale eta eraikinetan zehar, eraikiak izan ziren ordena berean. Bideo gaineko ikusizko efektuen teknologiak erabilita, protagonista hiriko toki desberdinetan barrena "paseoan" doan eran agertzen da eraikinei buruzko informazioa.

Lotutako jarduerak

Haur tailerra

Maushaus elkartearekin elkarlanean, azaroaren 23an haur tailer bat egingo da 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilekin. Bi fase izango ditu: lehenik, Alde Zaharrean barrena ibiliko dira eta bertako ezaugarri nagusiak aztertuko dituzte; bigarrenik, Alde Zaharraren maketa bat egingo dute, haren oraina, iragana eta etorkizuna interpretatzeko. Maketa San Telmo Museoko erakusketan txertatuko da.

Tailerrean izena ematea doan da, eta egun berean izena eman beharko da, museoan bertan.

Bisita gidatuak

Kole elkartearekin batera, azaroaren 17an eta 24an eta abenduaren 1ean eta 8an bisita gidatuak antolatuko dira Alde Zaharrean barrena, hiriaren jatorria eta bilakabidea aztertzeko asmoz. Bisitak 11:00etan hasiko dira, San Telmo Museoan. Bisitetan parte hartzea doan da, eta egun berean izena eman beharko da, museoan bertan. Irteera bakoitzeko plazen kopurua 20 lagunekoa da.

Azaroaren 17an eta abenduaren 8an bisitak gaztelaniaz egingo dira, Ana Azpiriren eskutik, artearen, arkitekturaren eta hirigintzaren irakaskuntzan espezializatutako historialaria da eta. Azaroaren 24an eta abenduaren 1ean euskaraz izango dira, Carmiña Dovaleren eskutik, ikertzailea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko doktoregai da eta.

Hitzaldia

Abenduaren 4an, Pablo Balenciagak “Boceto de época en torno a Pedro Manuel de Ugartemendia” hitzaldia eskainiko du. Pedro Manuel Ugartemendiaren figura berraztertu eta kuestionatzearen bitartez, hurbilpen historiko, ikusizko eta kultural bat egingo zaie Donostia berreraikitzeko hirigintzaren oinarriak ezarri zituen arkitektoaren biografiari eta garai bateko espirituari. 19:00etan izango da, San Telmo Museoko ekitaldi aretoan, gaztelaniaz, eta sarrera doan eta libre izango da, tokiak bete arte.

Arkitektura tailerra

Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasleei zuzendua. Gaur egungo azterketatik abiatuta, ikasleek soluzio berriak proposatu dituzte etorkizunean ager litezkeen hirigintza-arazoak konpontzeko. Soluziook erakusketan bertan txertaturik agertzen dira, dokumentu grafiko bihurtuta.

Argazkiak

Años 60
Equitativa
Plano
Plano
Exposición
Plaza de la Constitución


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: