DONOSTIAKO ZINEMALDIAREN 60 urteko historian egindako ibilbide hau Eva Marie Saint ‘North by Northwest’ –Hitchcock, 1959– filmaren estreinaldira iritsi zen unearekin hasi eta 1965ean errealizadore britainiarraren unibertsoko beste ilehori bat –Kim Novak– joan zen unearekin amaitzen da. Ibili hirian eta zinemaldiaren historian barrena, argazkilaririk onenen begien bitartez.
San Telmo Museoak “Donostian ibiltari” erakusketa zabalduko du abuztuaren 9etik irailaren 30era bitarte. Erakusketa Donostia Zinemaldiaren 60. urteurrena dela-eta antolatu da, eta Pedro Usabiaga argazkilaria du koordinatzaile. Erakusketak biltzen dituen zuri-beltzeko 80 argazki argitaragabeen bidez, ikuspegi desberdin batetik hurbil gaitezke zinemaldira. Ikuspegi horretan, zinema zinez bizi duen hiriaren eguneroko paisaiaren parte dira aurpegi ezagunak. San Telmoko Laborategi gunean izango da ikusgai, doako sarrerarekin.
Gutxik dakite “Jaws” filma Victoria Eugenia antzokian proiektatu zela lehen aldiz, Steven Spielberg gazte-gaztea zela. Edota Orson Welles handiak bere azken filmetako bat aurkeztu zuela 1973an, ‘F forFake’ dokumental faltsua, alegia. Urte horretan bertan, Elizabeth Taylor distiratsu batek Zinemaldiaren historiako iskanbilarik handienetako bat eragin zuen, bere filmaren emanaldira ordu eta erdiko atzerapenarekin agertu zenean, maletak aurkitzen ez zituela-eta. Harridura eta haserre handia piztu zuen horrek kazetariengan, argazkilariengan eta jendearengan. Donostia ezezagun batean, Pedro Almodóvarrek, 1982an ‘Laberinto de pasiones’ filma estreinatu ondoren, naturaltasun handiz kontzertu bat eman zuen KU dantzalekuan Fabio McNamararekin, Alaska y los Pegamoides taldearekin eta ‘Movida’ mugimenduko heroi guztiekin. Urte batzuk lehenago, dantzaleku horretan bertan, Tedy Bautista gazteak alaitu zuen Donostiako gaua Los Canarios taldearekin. Erakusketa honetan, pertsonaia ospetsuak eta anonimoak ditugu, eta hondoko oihala eta dekoratua Donostiako hiri ederra da beti.
Zuzendari handi askok aurkeztu dituzte beren lanak Donostian, hala nola Coppola, Polanski, Buñuel, Altman, Tarantino eta Chabrolek. Era berean, aktore asko etorri dira gurera, eta erakusketak agerian uzten du hori. Edonola ere, beharbada Oscar saria duen eta Europako zinemaren ordezkari nagusitzat har daitekeen Juliette Binoche aktoreak eman digu aukera, adi-adi duen begiradaren eta bere aurpegi misteriotsuaren bitartez, ibiltari berezi horiek jendeari hurbiltzeko.
PARTE HARTU DUTEN ARGAZKILARIAK:
Juan Aygüés, Inés Barreda de Biurrun, Jaime Basterretche, José Manuel Bielsa, Ramón Cabezón, David Calle, Arturo Delgado, Juantxo Egaña, Pipo Fernández, Javier Gallego, Nagore Iraola, Paco Mari, Txema Ormazabal, Jerónimo Ortiz, Jesús Pemán, Chema Prado, Moncho Trullos eta Pedro Usabiaga.
Guzti hauei eta Kutxatekari eskerrak eman nahi dizkiegu irudiak uzteagatik.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2024 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: