Kimia Kamvari artistaren erakusketarekin bere hirugarren ediziora iristen den Artea abian ekimenaren bitartez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak laguntza eta babesa eskaini nahi diete, beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan egonik, beren obraren aurkezpen monografiko bati heltzeko behar adinako esperientzia duten artistei. Helburu nagusia zera da, artista horiei gune instituzional batean edo museo batean lehen erakusketa indibidual bat egiteko aukera ematea, arte plastikoen eta ikusmen-arteen testuinguruan nabari den premia bati erantzun bat eman nahian, artisten erakusketetarako guneak eta aukerak abian jarriz.
Kimia Kamvariren erakusketa, Alef, bi zatitan egituratzen da. Lehenengoan, hondoratze dolinetan oinarritutako argazki serie bat aurkezten da. Artista 2019an hasi zen argazkiak ateratzen Irango lautadan zehar. Serieak lurraren lehortasunak tamaina desberdineko zuloak eragiten dituen fenomeno geologiko honen 73 argazki biltzen ditu. Barrunbe horiei kamera estenopeiko batekin argazkiak ateratzea erabaki izanak areagotu egiten du dolinei begiratzeko ekintza: gertakari fotografikoa gertakari geologikoari eransten zaio.
Erakusketaren bigarren zatia zuhaitz baten inguruan egituratzen da, zumearen inguruan. Zuhaitz horren materialtasuna 80 kilo zume-egurreko egur-ikatzaren bidez ikus daiteke aretoan, eta haren irudikapena, berriz, hainbat marrazkitan. Horien artean bat nabarmentzen da, museoko bildumako ikatz-zirizko arkatz bakarrarekin marraztu dena.
Alef persiar, arabiar eta hebreerazko alfabetoaren lehen letra da, eta El Aleph ere Borgesen ipuin ezaguna da. Letra gisa eta elementu narratibo gisa, Alefek hasiera sinbolizatzen du, aukera amaigabeak biltzen dituen energia. Alef Azadi hitzaren lehen letra ere bada (Irango azken asteetako protestetan entzuten den Zan, Zendegi, Azadi -Emakumea, Bizitza, Askastasuna- leloaren parte da).
Kimia Kamvari (Kolonia, 1986) Pinturan lizentziaduna da Teherango Arte eta Arkitektura Unibertsitatean, eta Ikerketa eta arte sorkuntza masterra egin du EHUn. 2006tik talde erakusketa askotan parte hartu du, eta azken urteotan baita bakarkako erakusketetan ere, Dastan Galleryn (Teheran) eta Cristina Enean (Donostia). Egoitzak egin ditu Tabakaleran (2017) Nature Change (Cristina Enea Fundazioa, 2019) eta Event Horizon (Dastan Gallery, 2019), estilo eta kontzeptu aldaketa nabari da bere obran, non naturak eta aldaketak paper nagusia jokatzen duten. Azpimarratzekoa da 2015etik Astigarretan izan duen egonaldi luzeak izan duen eragina, leku horretan bere lana irauli egin baita kontzeptualki. Bere azken lanetan material organikoaren, instalazioaren, argazkigintzaren eta marrazkiaren erabilera nabarmentzen da.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2023 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: