AYUDAS A LA NAVEGACIÓN:

CONTENIDO PRINCIPAL DE LA PÁGINA:

San Adrian, denboraren igarobidea

Erakusketa honek San Adriango tunelaren historiako garai nagusienak errepasatzen ditu, paleolitikotik XIX. mende erdialdera. Horretarako historiako lau unetan zentratzen da: azken glaziazioa, Brontze Aroa, Erdi Aroa eta XVIII-XIX. mendeak. Aranzadi Zientzia Elkarteak azken urteetan San Adriango tunelean egindako indusketen emaitza da hau.

  • 2016ko otsailaren 23tik apirilaren 3ra
  • Asteartetik igandera, 10:00-20:00
  • Laborategia Espazioa
  • Sarrera dohainik
  • #STMSanAdrian

Jarduerak eta bisita gidatuak

Erakusketa honekin lotuta, jarduera ugari antolatu dituzte museoak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak: familientzako tailerrak, erakusketarako doako bisita gidatuak eta arkeologia jardunaldiak. Gainera, Aranzadi Zientzia Elkarteak San Adrian-Lizarrate Gipuzkoako historiaren igarobidea liburua aurkeztu du.  

San Adrian, denboraren igarobidearekin lotutako jarduera guztiak.

Argazkiak

San Adrian tunelaren argazki zaharra
San Adriango tunela paleolitiko garaian eduki zezakeen itxura erakusten duen ilustrazioa
XIX. mendean San Adriango tunelean egon ohi ziren objektuen erreproduzioa

Erakusketa, sakonean

Aranzadi Zientzia Elkarteak azken urteetan San Adriango tunelean egindako indusketek Gipuzkoako historiaren etapa nagusiak azalerazi dute.

Würm, azken glaziazioa

Pixkanaka-pixkanaka tenperaturak gora egin zuen, izotz eremu iraunkorrek atzera egin zuten eta kostaldeko lerroa igo eta egonkortu egin zen.

Gaur egungoaren antzeko klima izatera pasatu zen. Klima-aldaketa prozesuan, baso hostoerorkorrak ugaritu ziren lehenago landaretza eskasa zegoen tokietan. Faunari dagokionez, klima hotzetako animalia zenbait desagertu, elur-oreina adibidez, eta beste batzuk sortu ziren; hala nola, oreina, orkatza edo basurdea.

San Adrian: 1.000 metroko altitudean dagoen okupazioa

Ehiztari-biltzaile ziren gizataldeak samalda txikitan banatutako gizarteetan bizi ziren biziraupena eta lurraldean zehar mugitzeko ahalmena bermatze aldera.

Haien teknologia harrizko eta hezurrezko lanabesak eta tresnak egitean oinarritzen zen. Besteak beste larrua, haragia, landareak edo egurrak ebakitzeko, zerratzeko edo karrakatzeko erabiltzen ziren silexezko hainbat tresna berreskuratu dira San Adrianen.

Nekazariak eta abeltzainak

Garai honetan gizakia elikagaiak sortzeko gai da. San Adriango jarduera nagusiak abeltzaintza eta mendiko baliabideen ustiapena ziren urteko sasoi gehienetan. Haitzuloaren inguruan nekazaritzaren aztarnak aurkitu dituzte: polena, ikatz bihurtutako gari-haziak eta uztarako igitaiak. Indusketetan agertu diren fauna-aztarnak etxeko ugaztunenak ziren (behia, ardia, ahuntza, txerria eta txakurra). Aurkitutako ardien eta ahuntzen arrastoek argi eta garbi erakusten digute artzaintza bertako abere-ekonomiaren parte zela.

Bi erresuma arteko igarobidea

Brontze Arotik Erdi Arora, 2500 urteko denbora-tartean, ez da giza- okupazioaren proba idatzirik edo arkeologikorik aurkitu San Adriango tunelean. Haatik, hurbileko inguruetan (Urbiako landetan, Zegamako San Pedro baselizan, eta abar) aurkitutako erromatar garaiko proba arkeologikoek bazter horiek komunikabide eta agian baita bizileku egonkor ere izan zirela iradokitzen dute.

San Adrian mendatearen lehen aipua 1294. urtekoa da eta horren arabera bazen bertan gotorleku bat. Gotorlekua gaztelu bilakatu zen gero eta bertatik nobleak, elizgizonak, merkatariak, abenturazaleak eta gaizkileak pasatu ziren.

Gaztelua

San Adriango gazteluaren eraikuntza Gaztelako Erresumak Gipuzkoako bailara nagusietan lortutako nagusitasunaren hasierarekin lotuta dago argi eta garbi. Tokia garrantzi handiko igarobide geoestrategiko bihurtu zen. Izan ere, Gaztelako koroak interes handia zuen Donostiako, Getariako eta Debako itsas portuetan zehar Atlantikoko Europarekin lotzeko. San Adriandik igarota, Gaztelak ez zuen Nafarroako Erresuma zeharkatzeko beharrik. XIII. mendearen erdialdera San Adrian derrigorrezko pasabide eta kontrol-gune bilakatu zen.

Ondorengo mendeetan mugen ezegonkortasunak gaizkileentzako eta bidelapurrentzako toki apropos bihurtu zuen eta, ondorioz, eremua gotortu behar izan zuten. 1512an Nafarroako Erresuma menderatzearekin batera, San Adriango gotorlekuak jatorrizko funtzioa galdu zuen eta posten errege-bidean atsedenerako toki bilakatu zen.

Azken biztanleak

XVIII. mendeko erdialdeaz geroztik, Arlabango errege-bide berria irekitzearekin batera, San Adriango igarobidea bigarren mailan geratu zen. Mantentze-lanik egiten ez zenez, galtzada hondatu egin zen pixkanaka-pixkanaka eta horrek are zailtasun handiagoak ekarri zizkien erabiltzaileei. Hala eta guztiz ere, igarobideak antzina zuen garrantzi estrategikoa izaten jarraitu zuen, XVIII-XIX mendeetako gerrateetan:

  • 1794an Foru Aldundiak tunela gotortu zuen Gipuzkoako zati handi bat hartuta zuten Frantziako Konbentzioaren tropa iraultzaileei aurre egiteko asmoz. Postu horretara 40 bat soldadu bidali zituzten.
  • 1813an, gerra napoleoniko (1808-1813) bete-betean, Eskoziako Thomas Graham jeneral eta Lynedocheko baroiaren agindupean zegoen zutabe handi batek San Adriango igarobidea baliatu zuen Gasteizen (ekainaren 21ean) porrot handia jasan zuten indar militar frantsesen erretreta geldiarazteko.
  • Lehen Gerra Karlistan (1833-1839) antzeko zerbait gertatu zen. Karlistak, lurraldea ongi ezagutzen zutela-eta, arazo handirik gabe ibiltzen ziren paraje horietan. 1836ko udan “San Adriango gotorlekuko komandante” Jose Alchaga buru zuen patruila txiki bat bidali zuten kokaleku horretara.

Mikeleteak, igarobidearen kontrolatzaileak

Azken mugarria 1855ekoa da; tunelean mikeleteen destakamentu bat finkatu zuten bertan. Bi zaindari zergak kobratzea bermatzeaz eta kontrabandoa kontrolatzeaz arduratzen ziren. Benta ondoan eraikitako eranskinean bizi ziren eta haiek izan ziren tuneleko azken biztanleak. 1915ean ustekabeko sute baten ondorioz, kuartela eta antzinako benta erabat kiskalita geratu ziren. Eraikinak ez zituzten berreraiki eta mikeleteak mendi-hegalean kilometro eskas beherago zegoen eraikin batera lekualdatu ziren, gaur egun Mikeleteen etxea edo Aterpea deritzonera.

Halaxe bukatu zen San Adriango tunelean gizakiak azken 13.000 urtez, ia etenik gabe, izandako presentzia.

Erakusketako audioak

Erakusketan entzun daitezkeen audio hauek historian zehar San Adrianen ninguruan idatzi eta esandakoak erreproduzitzen dituzte.

 

Antolatzailea: Aranzadi Zientzia Elkartea

Laguntzailea: San Telmo Museoa, Diputación Foral de Gipuzkoa


CABECERA DE LA WEB:

San Sebastián, ciudad de la cultura

Menú de selección de idioma

Menú auxiliar:

Museo San Telmo en Redes Sociales:

  • Facebook
  • Twitter
  • Flickr
  • Youtube
  • Ayuntamiento de Donostia-San Sebastián

Menú temático:


MENÚ PRINCIPAL:


BUSCADOR:


PIE DE PÁGINA:

  • Ayuntamiento de Donostia-San Sebastián
  • Gobierno Vasco
  • Diputación Foral de Gipuzkoa
  • Ministerio de Cultura

AYUDAS A LA NAVEGACIÓN: