AYUDAS A LA NAVEGACIÓN:

CONTENIDO PRINCIPAL DE LA PÁGINA:

Hain urrun, hain hurbil: 70eko hamarkadako argazki-dokumentalismoa

Argazki erakusketak 1970eko hamarkadako Espainiako dokumentalismo fotografikoaren egile nagusien lana berrikusten du. Koldo Chamorro, Cristina García Rodero, Cristóbal Hara, Fernando Herráez, Anna Turbau eta Ramón Zabalza.

  • 2015ko urriaren 24tik 2016ko urtarrilaren 6ra
  • Asteartetik igandera, 10:00-20:00
  • Astearteetan, sarrera dohainik

Hirurogeita hamarreko urteen hasieran, argazkilari-belaunaldi berri batek hirietako errealitateez harago begira jarri zuen objektiboa, beren kamerez garaiko Espainia landatarra atzemateko xedez. Ikonografia ofizialetik urrun, Koldo Chamorrok, Cristina García Roderok, Cristóbal Harak, Fernando Herráez-ek, Anna Turbauk eta Ramón Zabalzak iruditan eman zuten probintzietako hiri txiki eta herrietako bizitza, bazterreko kulturak eta tradizioak, betiere begirada pertsonal eta berritzailez, etapa frankistak inposatutako estereotipoetatik urrun.

Erakusketan bildu diren sei autoreek generoa berritu izana dute ezaugarri, zuzeneko ikuspegiz eta begi berriz jardun baitute, eta, hartara, ondorengo belaunaldientzako oinarriak jarri.

Cristina Zelich da erakusketaren komisarioa eta La Fábrica eta Fundación Foto Colectania ekoizleak, Kultura Ministerioaren laguntzarekin.

Nahiz eta, hein batean, aurreko belaunaldiko argazkilarien errealismo humanistaren oinordeko izan, begiradak desberdintzen ditu erakusketa hau osatzen duten sei autoreak haiengandik, begirada tolesgabeak, bai eta errealitateari begiratzeko eta hura dokumentatzeko modu zuzenak ere, poetika melengetatik ihesi, tarteka errealismo magikotik gertu dauden irudi adierazkortasun handikoak sortzen dituzten enkoadraketak erabiliz, bai eta beste argazki-baliabide batzuk ere, bitarteko horien ezagutza sakonaren erakusgarri.

KOLDO CHAMORRO (1949-2009)

Koldo Chamorro

Gasteizen jaioa, Alabern taldea sortu zuen Joan Fontcuberta, Pere Formiguera, Manel Esclusa eta Rafael Navarrorekin batera. Hona hemen haren argazki-serie ezagunenen arteko batzuk: España mágica, Los Sanfermines, El nacimiento de una nación, Los monstruos sagrados.

“Ikuspuntu etikotik, konturatzen naiz behatzaile gisa jarduteak erantzukizun bat hartzera behartzen zaituela; onartzera zure lanak subjektibotasun-, partzialtasun- eta determinismo-zama handia duela… Berri-emaileak garbi izan behar du erreportajea deserosoa dela gizartearentzat, darabilen estetika gozakaitza eta garratza izaten baita gehienetan”.

CRISTINA GARCÍA RODERO (1949-)

Cristina García Rodero

García Roderok 1974an ekin zion Espainia landatarreko ohitura, ospakizun eta errito erlijiosoei buruzko ikerketa itzela bihurtuko zenari. Lan hark hamabost urte hartu zizkion, eta España oculta (Lunwerg Editores, 1989) liburua argitaratuz eman zion buru.

"Bidaia aurkikuntza da niretzat, ezagutza; partekatu ahal izatea, lekuko izatea. Altxor batekin itzultzea: bizi izandakoaren pare diren irudiak ekartzea, eta hori norberaren obra bihurtzea, sortzaile eta pertsona gisa definituko zaituen obra. Horren atzetik gabiltza denok, egia esan".

CRISTÓBAL HARA (1946-)

Cristobal Hara

Cristóbal Harak 1985ean behin betiko utzi zion zuri-beltzeko argazkilaritzari, eta harrezkero koloretan baino ez du jardun. Aldaketa hori inflexio-puntua izan du bere hizkuntzaren bilaketan, eta espainiar tradizio piktoriko eta kulturalaren eragin nabaria izan du zeregin horretan.

“Argazki batzuk gertatzen ari denaren barruan eta erritmo horretan sartuta zaudenean baizik ezin dituzu egin. (...) Kazetari argazkilariaren ustezko objektibotasun eta zintzotasunaren ordez, nik zahiaz egiten nuen irina (…)".

FERNANDO HERRÁEZ (1948-)

Fernando Herráez

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren bigarren erdian, penintsulan batetik bestera hasi zen Herráez, arreta herrietako eguneroko bizitzan eta hango jai eta tradizioetan jarrita. Enkoadraketaren bitartez, autoreak harremanetan jartzen ditu pertsonaiak beren ingurunearekin, betiere fotografiaturiko subjektuekiko distantziari eutsiz, begia emanda taldearen koreografia edo irudiaren keinua paisaian txertatzeko moduari.

“Argazkilariak antzinako itsasgizonak bezalakoak dira; lurraldeak, jendeak, aurrez inoiz ikusi gabeko gauzak aurkitzen zituzten haiek. Aurrez inoiz ikusi gabea, behin ikusten dena eta berriro inoiz ikusiko ez dena, salbu eta artistaren prisma harritutik. Hori da argazkiaren gaia, artea.”

ANNA TURBAU (1949-)

Anna Turbau

1975ean Bartzelonako Auzo txinatarrean egindako argazki sail baten ondotik, harremanetan jarri zen frankismoak estalita zeukan hiri bazterrekoarekin. Horixe izan zuen pizgarri diseinua alde batera utzi eta argazkigintzari ekiteko. 1976an, Galiziara joan zen bizitzera. Bere irudien bitartez, ikusgai jarri zuen emakumeek Galiziako baserri-giroko gizartean jokatzen zuten rola.

“Nire lana oso argia zen, kazikismoaren, zentsuraren eta poliziaren errepresioaren hesien gainetik salto egitea. Kazetari handiekin egin nuen lan, nire lana errespetatu zuten, eta emakume izatea ez zen inoiz traba izan lan bat egiteko, denik eta lanik zailena eta arriskutsuena izanik ere.”

RAMÓN ZABALZA (1948-)

Ramon Zabalza

Hirurogeita hamarreko urteetan, Ramón Zabalzak ulertu zuen argazkiaren eta antropologiaren arteko loturak emankorrak izan zitezkeela. Argazkiaren adierazkortasuna aurkitu zuenean, ordea, Espainiako ijitoen gutxiengoari buruzko lan bat egiten hasi zen, eta liburu batez eman zion buru: Imágenes gitanas, PhotoVision-ek argitaratua 1995ean.

"Espainia sakonera egindako bidaiek eta antropologia aurkitu izanak piztu zidaten bestelako kulturetara inguratzeko desira, eta hartara neurea hobeto ulertzeko bidea eskaini zidaten.”

Jarduerak

Topaketak

Ander Gillenea, Cristina García Rodero, Anna Turbau eta Clemente Bernad

Familientzako tailerrak

 Irudia paperean, Argazkilariaren estudioa, Argiaren magia

Artista tailerrak

Iñigo Royo

Haurrentzako jarduerak Gabonetan

Argiaren magia, Irudia paperean, Argazkilariaren estudioa, Goazen kalera


Visitas guiadas

  • Larunbatero: 12:30ean euskeraz, 17:30ean gaztelaniaz. 3€ + museoko sarrera.
  • Bisita programatu hauetaz gain, taldeentzako bisita gidatuak hitzartu daitezke


CABECERA DE LA WEB:

San Sebastián, ciudad de la cultura

Menú de selección de idioma

Menú auxiliar:

Museo San Telmo en Redes Sociales:

  • Facebook
  • Twitter
  • Flickr
  • Youtube
  • Ayuntamiento de Donostia-San Sebastián

Menú temático:


MENÚ PRINCIPAL:


BUSCADOR:


PIE DE PÁGINA:

  • Ayuntamiento de Donostia-San Sebastián
  • Gobierno Vasco
  • Diputación Foral de Gipuzkoa
  • Ministerio de Cultura

AYUDAS A LA NAVEGACIÓN: