AYUDAS A LA NAVEGACIÓN:

CONTENIDO PRINCIPAL DE LA PÁGINA:

Julio Caro Baroja gogoan (1914-2014)

Julio Caro Barojaren oroipenean, haren jaiotzaren mendeurrenean egindako erakusketa 15 objetuk osatzen dute. San Telmo Museoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bildumetako piezak hiriko hainbat liburutegi publikotan ikusgai daude, ikertzaile eta antropologoak bere bizitzan zehar (1914-1995) sortutako idazkiez lagunduta.

  • Donostiako 15 liburutegi publikotan
  • 2014ko azaroaren 7tik 2015ko otsailaren 1era
  • Sarrera doan

Julio Caro Baroja (Madril, 1914 - Bera, Nafarroa, 1995) Pio Baroja idazlearen eta Ricardo Baroja pintore eta idazlearen iloba, antropologoa, historialaria, hizkuntzalaria, folklorista eta saiakeragilea izan zen. Intelektual heterodoxoa, kritikoa eta independentea izan zen, eta "bizitza arautua eta arrazoiari atxikia (ez pasioari) daraman gizontzat" zeukan bere burua.

Erakusketa honek aldi baterako erakusketa deszentralizatu baten bidez omenaldia izan nahi du, eta Donostia Kulturaren liburutegi-sarea eta Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren liburutegiak (Koldo Mitxelena Kulturunea) biltzen ditu.

15 objektu Caro Barojak sortutako idazkiez lagunduta

KUTXA

Kutxa (STM Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte
  • Udal Liburutegi Nagusia (Alderdi Eder)
  • Ordutegiak

“Zenbait ezkontza-itun zeremonia horren isla zehatza dira, eta bildutako guztia emaztegaiaren etxetik bizileku berrira behi-gurdi batean (ardatz zaratatsuko gurdi karrankari batean) eramanez gero (ezkondeien egunean, hain zuzen ere), zeremonia horrek oihartzun handiagoa izan zezakeen herrian. Gurdian, ohea (egina), gorua, ardatza eta tailatutako kutxa bat eramaten ziren”.  Los vascos, 1949.

KAIKUA

Kaikua (Gipuzkoako Foru Aldundia Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte
  • Udal Liburutegi Nagusia. Haur saila (Fermín Calbetón, 25)
  • Ordutegiak

“Zurezko ontziak esanguratsuenetakoak dira, eta zeramika ezagutu aurreko jatorria dutela erakusten dute. Ontzi horietan, euskal nekazari eta artzainek esnea egosten dute txukunarri edo esnearri izeneko harri batzuekin. Ontziek, nolanahi ere, forma, tamaina eta izen desberdinak izan ditzakete (kaikuak, opotsak, abatzak eta abar)”. Los pueblos del norte de la península ibérica, 1943.

LAIAK

Laiak (Gipuzkoako Foru Aldundia Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte
  • Casares-Tomasene K.E. Liburutegia (Darieta bidea, 1)
  • Ordutegiak

“Laiarekin lan egiten dutenek beste lanabes hobe batzuk ezagutzen ez dituztela pentsatzea okerreko ustea da. Zenbait lekutan (Nafarroako Ultzamako haranean, adibidez), XIX. mendearen erdialdean sartu zen laien erabilera, hain zuzen ere goldearekin landu zirenean produkzio txikia eman zuten eta laiatzean errendimendu hobea izan zuten lurrak lantzeko”. Los pueblos del norte de la península ibérica, 1943.

OTSO-ARTEA

Otso-artea (STM Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte
  • Larratxo Liburutegia (Txirrita Bertsolaria, 22)
  • Ordutegiak

“Urbasa mendilerroaren goialdeko artzain-bizitzaren eta jardueren kasuan ere kontserbadurismo horren testigantzak agertzen dira, Natura ahaltsu bati aurre egiteko beharraren testigantzak. Nola uler liteke otsoak eta beste pizti handi batzuk harrapatzeko tranpa handien erabilera herrialdeko beste eremu batzuetan?”. Un pueblo de encrucijada (Urdiain), 1969.

UZTARRIA

Uztarria (STM Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte

“Aranzadik maisutasun handiz aztertu zituen duela urte asko. Euskal uztarriaren edo, hobe esan, uztarrien eremua zehaztu beharra dago. Eremu horrek, jakina, herrialdeko bihotza hartzen zuen (Azkoitia fabrikaziogune nagusietako bat izan zen), eta hegoaldetik Trebiñura iristen zen. Halaber, Nafarroako erdialde osoa eta ekialdea (Xabierreraino gutxienez) hartzen zuen. Bertan, garraiatzeko euskal uztarria erabiltzen zen, baina goldatzeko Aragoiko uztarri mota bat erabiltzen zen”. Los vascos, 1949.

KOPETAKOAK

Kopetakoak (Gipuzkoako Foru Aldundia Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte
  • Ernest Lluch K.E. Liburutegia (Anoeta pas., 7-9)
  • Ordutegiak

“Dirudienez, erresistentzia-esperientzia batzuek eta idi-dema (edo idi-apustu) ospetsuek aldaketa handiak eragin zituzten euskal uztarrietan. Nolanahi ere, uztarri horien ezaugarri bereizgarria apainduren ugaritasuna da, eta apaindura horiek beti estalita egon ohi dira eusten dituzten hedeen, kopetakoen (edo ipurukoen) eta guztien gainean ipintzen den ardi-larruaren bidez”. Los vascos, 1949.

GURDIA

Gurdia (Gipuzkoako Foru Aldundia Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte
  • Intxaurrondo Berri K.E. Liburutegia (Felix Gabilondo pl, 1)
  • Ordutegiak

“Gurdiaren jatorria interes handiko arazo etnologikoa da, oso era bitxian hedatu baita. Espainian, gaur egun, “chillón” deitutako eta euskaraz “karrankari” izeneko gurdia (bilgorrarekin igurztean ardatzek ateratzen duten zaratagatik deitzen zaio horrela), aldaera guztietan, larre artifiziala hobekien hazten den eremu hezean baino ez da erabiltzen”. Los vascos, 1949.

ARGIZAIOLA

Argizaiola (STM Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte
  • Larrotxene K.E. Liburutegia (Intxaurrondo, 57)
  • Ordutegiak

“Gipuzkoa osoan, hilobietan ipintzen den argizaria kiribiltzeko balio duen tresna bitxi bat erabiltzen da, “argizaiola” izenekoa (“ola” terminoak zura adierazten du). Tresna horrek hainbat figura izan ditzake”. Sobre la religión antigua y el calendario del pueblo vasco, 1948.

ESKUAREA

Eskuarea (Gipuzkoako Foru Aldundia Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte
  • Loiola K. E. Liburutegia (Aralar Mendia, 17)
  • Ordutegiak

“Belar moztu berria egitura bereziko arrastelu batekin bildu eta pilatzen da. Iparraldeko beste alde batzuetan ez bezala, hortzak dituen langarekin elkarzut egon ordez, zeihar geratzen da kirtena”. Los vascos, 1949.

AITZURRA

Aitzurra (Gipuzkoako Foru Aldundia Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte
  • Lugaritz K.E. Liburutegia (Heriz, 20)
  • Ordutegiak

“Orain interesgarriagoa da adieraztea aitzur hitzak ere osagai bera duela: “aitz”. Beraz, faseren batean, egungo euskaldunen arbasoek erabiltzen zituzten aitzurren kirtena zurezkoa izango zen, baina zati nagusia harrizkoa, gaur egun oso antzinako herrietan erabiltzen diren aitzurrena bezalaxe”. Los pueblos del norte de la península ibérica, 1943.

PEGARRA

Pegarra (Gipuzkoako Foru Aldundia Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte
  • Okendo K.E. Liburutegia (Nafarroa Etorbidea, 7)
  • Ordutegiak

”Ura garraiatzeko, “subilla” ez ezik, Frantziatik ekarri ohi den buztinezko “pedarra” ere erabiltzen da. “Pedar” hitza latinezko “ferrata” terminotik dator seguruenik, gaztelaniazko “herrada” bezalaxe. Dakigunez, efea (F) pe (P) bihurtzeko joera du euskarak”. De la vida rural vasca (Vera de Bidasoa), 1944.

GORUA

Gorua (Gipuzkoako Foru Aldundia Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte
  • Aiete K.E. Liburutegia (Aiete pasalekua, 63)
  • Ordutegiak

“Iruteko lana gauez egiten zen nagusiki. Horregatik, Ultzamako haranean eta beste leku batzuetan, larunbat horretako gauean lotara joateko orduan goruan zegoen guztia iruten bukatu ez bazen, geratzen zena erre egiten
zen, sorginek akelarrera eraman ez zezaten”. Los pueblos del norte de la península ibérica, 1943.

TXISTUA

Txistua (STM Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte
  • Udal Musika eta Dantza eskola-Liburutegia (Atotxako Zelaia plaza, 3)
  • Ordutegiak

“Dantza egiteko musikak aipamen berezia behar du. Musika hori, neurri batean bederen, instrumentuak, hots, “txistuak” baldintzatzen du. Txistua 43 zentimetroko luzera izan ohi duen instrumentua da; bi zulo ditu goialdean, eta beste bat behealdean”.  Los vascos, 1949.

GOLDEA

Goldea (STM Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte
  • Koldo Mitxelena Liburutegia (Urdaneta, 9)
  • Ordutegiak

“Dena dela, Gerhad Rohlfs-ek euskaldunek goldea lehen aldiz erromatarren garaian ezagutu zutela adierazi bazuen ere, ez da egia. Etxauriko Hallstatt kulturaren ondorengo zelten nekropolian, golde-nabarrak aurkitu ziren, XIX. mendearen amaierara arte euskara oso erabilia izan zen lurraldean, hain zuzen ere”. Los pueblos del norte de la península ibérica, 1943.

BURUKOA

Burukoa (STM Bilduma) / Argazkilaria: Ricardo Iriarte

“Hortaz, adar-formako burugainekoa erabili zen garaiko zenbaiten ustez, esanahi falikoa zuen hark. Osterantzean, eliza-aginpideak ez zuen Lesakako dokumentua berretsiko. Dokumentu horrek zioenez, kristau-moralari erasotzen zion herri-ideia (eta, aldi berean, praktika) bat halakotzat hartu zuen elizak”. El tocado antiguo en las mujeres vascas, 1936.


CABECERA DE LA WEB:

San Sebastián, ciudad de la cultura

Menú de selección de idioma

Menú auxiliar:

Museo San Telmo en Redes Sociales:

  • Facebook
  • Twitter
  • Flickr
  • Youtube
  • Ayuntamiento de Donostia-San Sebastián

Menú temático:


MENÚ PRINCIPAL:


BUSCADOR:


PIE DE PÁGINA:

  • Ayuntamiento de Donostia-San Sebastián
  • Gobierno Vasco
  • Diputación Foral de Gipuzkoa
  • Ministerio de Cultura

AYUDAS A LA NAVEGACIÓN: