Bere lurraldean kobrerik ez zela eta, ingelesek berehala garatu zuten burdinazko kanoiak urtzeko teknika, eta XVI. mendearen amaiera alderako bederatzi labe garai zeuzkaten.
Burdinurtuzko piezak brontzezkoak baino doitasun kaskarragokoak, hauskorragoak eta astunagoak ziren, askoz merkagoak ordea. Kanoi asko eta asko behar zituela eta, espainiar koroak zenbait ahalegin egin zituen teknologia hori baliatu ahal izateko; ez zuen, baina, 1622 arte lortu. 1835 arte Lierganeseko eta La Cavadako labe garaiek ase zituzten koroaren beharrak.
Gipuzkoako burdinolek ere, izugarri garrantzitsuak izan arren bonbarden eraikuntzan, ez zuten burdinurturako bidea indarrez jorratu. Alvaro Aragon irakasleak zehaztapen batzuk egiten ditu atzerapen teknologiko siderurgikoari dagokionez; hala, gortean egin eta atarramentu onik atera ez zuten gestioak aipatzen ditu, lurraldean labe garaiak berandu arte ez egotearekin batera. Gainera, labe horien produkzioa inoiz ez zen masiboa izatera heldu.
Gazteluko plataforman badira bere neurri handiarengatik nabarmentzen diren burdinurtuzko kanoi batzuk. Brontzezko kanoien kasuan ez bezala, haietan urtzailearen markak agertzen baitziren, burdinazko kanoiek ez dute jatorria argitzeko inolako markarik. Aipatutako Kantabriako inguru hartakoak izan zitezkeen, hori bai, oso produkzio bolumen handiak eman zituen eta. Lehorreko kanoiak izaki, britainiar jatorriaren aukerak ez du aparteko sostengurik.
.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2024 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: