CONTENIDO PRINCIPAL DE LA PÁGINA:
Erlea Maneros Zabalak bi kapitulutan banatu du bere esku-hartzea Museo Bikoitza programan. Lehen kapituloaren emaitza da "Norusta" aldi baterako erakusketa; bigarrenean, aldiz, 2021ean martxan jarriko dena, erakusketa iraunkorrean gertatuko da.
Erlea Maneros Zabalaren esku-hartzearen lehen atalean, Norustan, ikusten den espaziozkoaren, etnografikoaren eta artistikoaren arteko gurutzatzeak azpimarratu egiten du Museo Bikoitza programak planteatzen duen berrikuspena, hain zuzen, San Telmo Museoaren bildumaren berezitasun bikoitza, gizarte museo eta arte bilduma gisakoa alegia, harturik abiapuntu. Hala, erakusketak aldi baterako taularatze baten forma hartzen du, eta sekuentziak garatzea eta antolatzea ahalbidetzen.
Bigarren atal batean, sekuentziak museoaren ibilbidean txertatuko dira, bilduma iraunkorreko ordena jarraituari gainjarririk nolabait, lanaren emaitzarekin horrela urteko zikloa osatuz.
Maneros Zabalaren lanak irudien sorkuntzaren baldintzak eta ondorioak aztertzen ditu, haiek sortutako testuinguruak eta zabaltzeko erak landuz. Bere lanak planteatzen dituen gaiak aurki daitezke, batetik, abstrakzio lengoaien akademizazioan; bestetik, autoretzaren nozioan, eta baita ere, artisautzaren eta masa produkzioaren (prozesuan baliabide mekanikoak erabiltzen dituena) arteko harremanean.
Erlea Maneros Zabalak Glasgow-eko Arte Eskolan eta Kaliforniako Arte Insitutuan ikasi zuen, eta Joshua Treen egiten du lan, Kalifornian. Bere lana erakunde ugaritan erakutsi du, besteak beste, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofían (Madril), Museo Experimental El Eco-n (Mexiko hirian), REDCATen (Los Ángeles), Guggenheim-en (Bilbo), CAPC Musée d'Art Contemporain-en (Bordele) eta Bombas Gens Centre d'Art-en (Valentzia).
Horrez gain, San Telmo Museoarekin ere izan du lotura; izan ere, 2014an ikusgai egon zen Suturak Euskal Herriko artista garaikideen erakusketa kolektiboan parte hartu zuen eta bertan izan zen Gure Artea 2018 saria jasotzen.
Museo Bikoitzaren metodologiari jarraituz, Erlea Maneros Zabalak hurrengo edizioan parte hartuko duen artista aukeratu du: Jose Mari Zabala
Besteak beste, Zabala hautatu du soinu esperimentalari egindako ekarpenak, filmek eta bideo-lanek euskal eta estatubatuar testuinguruak lotzen dituztelako, bere lanean eragina izan duelako eta Jose Mari Zabala 60-80ko hamarkadetako euskal kulturaren susperraldiaren partaide eta lekuko izan zen neurrian, Erlearen hezkuntza definitu zuen aldiarekin bat egiten duelako.
Gainera, Erlearen hitzetan: “... nahiz eta museoaren bildumaren edukia nire ondare kulturalaren parte izan, San Telmo Museoa eta bere bildumako irudiak oroitzapen urruna ziren niretzat. Jose Mari Zabalaren kasuan kontrakoa gertatzen da, euskal irudi etnografikoekin lan asko egin du eta San Telmoko bildumako objektu espezifikoak ere erabili ditu. Esaterako, Argia dantza taldearen aurreneko posterra diseinatu zuen 1969an museoko oihal funerario batetik abiatuta. Uste dut oso itxaropentsua dela testuinguru hori berriro bisitatzea eta bere egungo begirada eta ikuspuntua aplikatzea.”
CABECERA DE LA WEB:
PIE DE PÁGINA:
Menú auxiliar:
San Telmo Museoa. 2024 copyright ©
AYUDAS A LA NAVEGACIÓN: