Museo Bikoitza museoan egingo diren aldizkako esku-hartzeen programa bat da, urtero gonbidatutako artista batek egingo duena, eta museoarekin lotuta lan egingo du artista horrek proiektu berri baten produkzioan. Bildumaren eta kontakizun museografikoaren hainbat berrirakurketa ahalbidetzea da helburua, artista ezberdinen eskutik.
Lan horren emaitza urtebetez egongo da erakusketa-programaren barruan, eta azkenik museoaren arte-bildumari gehituko zaio, egungo une bakoitza San Telmoko bildumaren ondarera eta kontakizunera gehitzeko premia adieraziz, premia hori ordeztu gabe, betiere.
Proiektu honekin Asier Mendizabalek 2014an San Telmo Museoan aurkeztu zuen lanari –Soft Focus– jarraipena emango zaio. Hain zuzen ere, Mendizabalek egindako lanak Museo Bikoitzaren oinarriak ezarri zituen. Harrezgeroztik honako hauek izan dira Museo Bikoitzan: Ibon Aranberri (2018/19), Erlea Maneros Zabala (2019/20), José Mari Zabala (2020/21), Iratxe Jaio & Klaas van Gorkum (2021/22), Hinrich Sachs (2022/2023), Maddi Barber (2023/2024) eta Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta (2024/2025).
Asier Mendizabalek azaltzen du zein izan ziren bere gogoetak Soft Focus lanak proposatzen zuen esku-hartze mota sistematizatzea proposatzeko: “2014ko otsailean Soft Focus izenburuko lana aurkeztu nuen San Telmo Museoan, museoko bertako bildumako zenbait materialekin horretarako osatutako elementuen multzo bat. Reina Sofia Museoan erakusketa baterako 2011n produzitutako obra bat da Soft Focus lana, eta urte horretako Veneziako Bianalean aurkeztu zen gainera. Lanean, San Telmo Museoko objektu etnografiko eta artistikoen bilduma argumentu-aitzakiatzat erabiltzen zen, 70eko hamarkadako Sigfrido Koch-ek egindako argazki-inbentarioaren bidez, gogoeta bat garatzeko museo baten ondareak zenbait kontakizun eta interpretazio desberdin izateko moduari buruz. [...]
Izan ere, azken zaharberritzearen ondoren, eredu museografiko konkretuago baten alde egin zuen museoak, gizarte-museo deitutakoaren ildotik, baina ezin dugu ahaztu bere historia osoan betiere arazoekin uztartu dituela arte ederretako bere museo-izaera eta museo etnografiko izateko bere bokazioa. Edo alderantziz. Museo baten kontakizuna gauzatzen duen corpusa museoaren ondarea bada, arte-bilduma eta euskal etnografiaren bilduma izan dira oinarria eman diotenak San Telmori, betiere bizikidetza konplexuan.
Horregatik guztiagatik, gogoeta bati hasiera emateko modua zirudien Soft Focus lanak, museoaren berezitasun konplexuari eta museoaren historiari onura aterako ziona, eta ondoren bilduman sartu izanak, aldiz, gogoeta hori erreferentzia egiten zuen corpusean bertan kokatzea zekarren.”
Artista bakoitzak 12 hilabetez lan egiteko enkargua jasoko du proiektu ezezagun bat proposatzeko, museoarekin ezarritako harremanaren ondoriozkoa.
Proiektu bakoitza egiten duen artistak hurrengo proiektuaren aukeraketan, gonbidapenean eta jarraipenean parte hartzen du. Horrela, epe luzera, programaren metatutako emaitza ez da pertsona bakar baten irizpide partikularrera lotuta egongo, eta, aitzitik, museoarekin konprometitutako kolektibitate baten bidez sortuko da, museoan bertan parte hartzearen bidez.
Gonbidatutako pertsonak hartutako konpromisoak izango dira, besteak beste, museoan sei hilabeteko azterketa-lanaldia egitea, eta ondoren proiektu zehatz bat aurkeztea, bere esku-hartzea deskribatuko duena museoak onar dezan. Onartutako proiektuaren produkzioari emango zaizkio hurrengo sei hilabeteak.
Amaitutako proiektua museoan instalatuko da eta proiektua jendaurrean erakutsiko den urtean, hurrengo edizioaren koordinazioaren konpromisoak bere gain hartuko ditu gonbidatutako pertsonak. Proiektuaren erakustaldi publikoa amaitutakoan, museoaren bilduman txertatuko da produzitutako obra.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2024 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: