Tractora Kooperatiba osatzen duten Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta Otaola dira Museo Bikoitzaren 7. edizioan parte hartzeko Maddi Barberrek hautatutako artistak.
Programa honetan landu duten proiektua urtebetez egongo da ikusgai, 2026ko ekainaren 11tik museoko elizan eta klaustroan.
Bi artistek bere lan prozesua San Telmo Museoaren agiritegia eta bildumak aztertzen hasi zuten, eta abiapuntua bera izan bazen ere, bakoitzak bere lana garatu du. Usue Arrietak Baltzune instalazioa sortu du eta Ainara Elgoibarrek P-003687 obra.
Usue Arrieta Otaolak museoaren historiaren bi une hartu ditu ardatz gisa bere lanerako: 1960 eta 1917
1960an Barandiaranek museo etnografikorako aurkeztutako proiektuan soinuak txertatu nahi zituen erakusketan zehar (abestiak, pertsonen lekukotze grabazioak...). Era berean, urte batzuk lehenago, 1952-53 urteetan, Alan Lomax estatubatuarrak eta bere lan-taldeak euskarazko kantuak, bizitzak, ohiturak eta abar dokumentatu zituen bobina irekiko grabadora magnetiko baten bitartez. Beraz, Barandiaran soinu horiek txertatzeaz hitz egiten ari zenean ziurrenik Lomaxen proiektuaren berri bazuen, eta museoan garaiko teknologia berriak erabiltzeko asmoa zuen.
1917an Pedro Soraluce zen San Telmo Museoko zuzendaria, instituzioak izan zuen lehenengoa, eta museoaren euskal etnografia eta antropologia atala sortzerakoan konturatu zen antropologia hitzak ez zuela euskarazko ordainik. Hori dela eta garaiko hainbat ikerlari, akademiko, idazle eta historialariri eskatu zien antropologia euskaraz esateko zein hitz erabiliko luketen proposatzeko. Hauek dira proposaturiko batzuk: gizaizti, gizatzazkunde, euskal gizatitun zatia, gizaerako izkuntza....
Bi ardatz horiek kontuan hartuta Usue Arrieta Otaolak proposatzen digun lanak hitz horiek eta beste hainbat hitz, esaldi eta ahots entzuteko aukera emango digu magnetofono baten bitartez, museoko dorreoian jarritako soinu instalazioan.
Ainara Elgoibarren lanean ere, bildumako bi elementu dira erreferenteak. Lehenik, San Telmo Museoko elizan dagoen pieza eskultoriko bat, hain zuzen ere, bere lanari izena ematen diona (pieza horren inbentario zenbakia da): P-003687. Eskultura hau San Telmoren eraikinaren babesleena da, Gracia de Olazabal eta Alonso de Idiaquezena, XVI. mendean eraikina eginarazi zutenen zenotafioa, eta San Telmoko elizaren historiaren eta museoaren arteko elkargunea markatzen duena. Elgoibarren interesa bi irudiak banatzen dituen ebaketan oinarritzen da. Pitzadura edo hutsune hori, nahiz eta une honetan bi pertsonaiak elkarrekin egon, nabarmena da eta hori da Elgoibarren proposamenaren jatorria: nolabait museoaren (bere historiaren parte da), bildumaren (bildumaren parte da) eta eraikinaren (eraikinaren sorreratik dago) historiak bat egiten duten arrakala hori.
Pitzadura edo hutsune horren molde positibatua sortu du artistak brontze urtuan, eta elizan izango da ikusgai, jatorrian eskultura multzo hau zegoen tokian.
Brontzea da Leon Barrenecheak euskal herri kirolei eskainitako eskulturetan erabili zuen materiala. Eskultura horiek 30eko hamarkadan egin ziren, eta urteetan zehar museoko etnografia aretoetan lanabes eta objektuekin batera erakutsi ziren, bai kirol jarduerak bai horiek oinarri dituzten lanbideak irudikatzeko. Elgoibarren proposamenean garrantzia hartzen duen bildumako bigarren elementua Barrenechearen Idi-proba eskulturaren bi kopiak dira, zeinek artistak planteatzen duenez, hargintzako lanbidea ere ilustratzeko balio zezaketen, eliza horren erakusgarri izan zitekeelarik.
Usue Arrieta Otaola (Arrasate, 1979) 2002tik dabil ikusizko arteen eta zinemaren alorretan lanak sortu, ekoiztu eta plazaratzen. Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Arte ekoizpenean Masterra du Valentziako Unibertsitate Politeknikoan. Bere ikus-entzunezko lanak instituzio publiko zein pribatuetan erakutsi dira, Miró Fundazioa, Tàpies Fundazioa, Centro de Arte Dos de Mayo, Musac edo San Telmo Museoan, besteak beste. Zinema jaialdietan ere erakutsi dira nazioarte mailan.
Bere artelanak bilduma publiko zein pribatuetan daude estatu mailan, la Caixa Fundazioa, Centro Galego de Arte Contemporáneo eta Bilbaoarten besteak beste. 2013an X Films saria jaso zuen Punto de Vista Nazioarteko Dokumental Jaialdian.
2013an Tractora Koop. E. artisten kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen, Bilbon. 2016ean New Yorkeko Anthology Film Archiven bere lanen atzerabegirako bat programatu zuten. Tractora ekoiztetxearen baitan lanean diharduela, 2018an landa lan eta edizio esperimentalean oinarritutako artisten liburuak plazaratzeko asmoz -zko argitaletxea sortu zuen Nader Koochaki eta Vicente Vázquezekin elkarlanean eta 2019an Ainara Elgoibarrekin batera Kinu Lantaldea eratu zuen, artisten zineman oinarria duen hiruhileko nazioarteko programazio eta autoformazio plataforma bat. 2020az geroztik Atoi izeneko arte espazioa zuzentzen du Ainara Elgoibarrekin batera.
Ainara Elgoibar (Mungia, 1975) artista da. LADEn lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean eta Arte Ederretan Bartzelonako Unibertsitatean; han ere doktoratu zen 2019an. Tractora artisten kooperatibaren bazkide sortzailea, Usue Arrietarekin batera zuzentzen du /kudeatzen du Atoi espazioa, Tractorak bultzatua, Bilbon. Bere lanean nabarmentzekoa da ikus-entzunezkoa. Bere filmak erakusketa testuinguruetan erakutsi dira (Fundació Tàpies, Macba, Artium Museoa, La Capella eta Carreras Múgica, besteak beste) eta zinema jaialditan (Zinebi, Punto de Vista, Curtocircuíto, Intersección eta Kasseler DokFest, besteak beste). Bere lanak Bilbao Museoko, Artium Museoko, Guasch-Coranty Fundazioko eta Bilbaoarteko bildumetan daude.
Honela azaltzen dute Tractora Kooperatibako kideek beren aukeraketa:
“[Ainara Legardon]... rock independentearen munduan hasi zuen bere ibilbidea, eta atzean utzi zuen praktika esperimentalenen alde egiteko. Praktika horietatik abiatuta, arte plastikoen testuinguruetan integratu da, zuzeneko performancearen eta, berrikiago, soinu-instalazioen bidez (...).
Proiektuarekin bat egiteko, San Telmo Museoko bilduman murgilduz gozatzeko eta Museo Bikoitzaren oinarri den espiritua ulertzeko duen gaitasunarengatik hautagai ona da guretzat. Soinu esperimentalaren testuingurua Euskadin funtsezkoa izan da, eta da, praktika garaikideak ulertzeko. Gutxi historiatutako eremua da, arte-bilduma publikoetan eta pribatuetan oso gutxi agertzen dena. Egoera hori konpontzeko aukera ona dela uste dugu, eta Museo Bikoitzetik egitea bereziki interesgarria da; izan ere, praktika horiek testuinguruan jartzeko ariketa bat eragiten du, bildumarekin duten harremanetik abiatuta, eta hori abiapuntu berezia eta bereizgarria da beste erakunde batzuekiko”.
Ainara LeGardon (Bilbo, 1976) 1991tik jardunean dagoen musikari eta artista da. Rockaren eta musika esperimentalaren esparruan lan oparoa egiten du, bai bakarka, bai hainbat talde artistiko eta proiektu eszenikotan parte hartuz.
Esperientzia handia du site-specific esku-hartzeetan eta artxiboekin lan egiten. Asturiasko Arte Ederren Museoarekin eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin berriki izan dituen lankidetzak dira bere sormen-unearen erakusgarri. Azken honek eta Tabakalerak elkarlanean sortutako Pausa pulsar soinu-instalazioa, Eusko Jaurlaritzaren Bilduma Partekatuak erosi du.
Aipatutakoez gain Artium, MUSAC, Fundación Cerezales, DA2, Patio Herreriano eta Reina Sofía izan dira, besteak beste, bere performanceak eta soinu-esku-hartzeak aurkeztu dituen erreferentziazko zentroetako batzuk.
Bere karreraren une honetan, sorkuntza garaikidea eta jabetza intelektualaren eta kultura-kudeaketaren arloan ikertzaile eta dibulgatzaile gisa egindako ibilbide sendoa uztartzen ditu. Bere jarduera artistikoa www.ainaralegardon.com webgunean jarrai daiteke, eta irakaskuntzari dagokiona www.legardon.net helbidean.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2026 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: