NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

Maddi Barber, 2023/2024

Harria eta poltsa

Maddi Barber da Museo Bikoitzaren 6. edizioan parte hartzeko Hinrich Sachs-ek hautatutako artista.

Urtebetez programa honetan landu duen proiektua 2024ko azaroaren 16tik 2025eko azaroaren 16ra egongo da ikusgai museoko elizan.

Garatu duen proposamenean ikertzen eta hausnartzen du, alde batetik, museoaren kontserbazio lanean dauden objektu arkeologikoen lekualdaketaz, eta, bestetik, argazki edo erregistro bideografiko orok berekin dakarren lekualdaketaz.

 

Euskadiko Filmategia, Armando Llanos Ortiz de Landaluzeren gordailua
Argazkia: Maddi Barber
San Telmo Museoa, bilduma

Harria eta Poltsa instalazioak bi elementu ditu: film bat eta pantaila bat.

San Adriango aztarnategian Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologi talde batek gauzatzen dituen lan prozesuetan murgiltzen da filma. Jarraipen hau artxiboko materialekin tartekatuz, filmak arkeologiaren eta museografiaren arteko harremanak aztertzen ditu, bai eta bi praktika hauek objektuen desplazamendua sortzeko duten modu desberdinak ere.

Bestalde, pantailak "agerpen eta harrera" egitura baten gisa dihardu, beste desplazamendu mota bat ahalbidetzen duen gailu mugikor baten gisa: irudien desplazamendua. Bi elementuak, orain instalazio honetan elkarri lotuak, autonomoak izango dira San Telmo Museoaren bilduman integratzerakoan; filma beste pantaila batzuetan ikusi ahal izango da eta mugitzen ari diren beste irudi batzuk hartuko ditu pantailak.

Harria eta Poltsa hainbat lankidetzarekin egin da: Jonander Aguirre, Fran Fraca eta Iruinox pantailaren diseinuan eta eraikuntzan; Mirari Echávarri, Maite Redondo, Gerard Ortin, Xabier Erkizia, Ione Atenea, Armando Llanos Ortiz de Landaluze, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Euskadiko Filmategia filmaren produkzioan; eta FFraca (design office) eta Maite Zabaleta diseinu grafikoan.

Instalazioaz gain, artistaren sormen prozesuan zeharreko oharrak eta gogoetak biltzen dituen zabalgarri bat egin dugu. Irudiak eta testuak uztartzen dituen euskarri hau Harria eta Poltsaren sorrera eta lan prozesua jarraitzeko erabilgarria den tresna da.

Jarduerak

Pantaila museoko elizan jarrita egongo den urtean zehar, hainbat aldiz "aktibatuko" da beste proiekzio batzuekin. Museoak jorratzen dituen gaiekin lotura duten testuinguru hurbileko artista eta zinemagileen lanak hartuko ditu.

Maddi Barber

Maddi Barber (Artzibar, Nafarroa, 1988). Bere lan zinematografiko berrienak (Paraiso, Gorria, Urpean Lurra, 592 metroz goiti) jaio zen Pirinio aurreko lurraldeari estu lotuta daude. Etnografia esperimentalaren ikuspegitik, bere filmek interesa erakusten dute oroimenaren, lurraldearen, azpiegituraren, ekologiaren eta gizakien eta naturaren arteko zaintza-etikaren arteko harremanean. Maddik ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta ikusizko antropologiako master bat egin zuen Manchesterreko Unibertsitatean. Iruñea eta Baiona artean bizi eta lan egiten du, ESAPBko (École Supérieure d 'Art Pays Basque) irakaslea delarik.

2019an Pirenaika ekoiztetxea sortu zuen, eta haren hainbat film ekoitzi ditu, baita hurbileko artista eta zinemagileenak ere, hala nola Gerard Ortín, Ainhoa Gutiérrez eta Irati Gorostidi. Era berean, Pulpa artisten taldeko kide da, eta La zurda sorkuntza garaikideko eta pentsamendu kritikoko gune autogestionatua jarri du abian Iruñean. Une honetan Tabakalerako Ikusmira Berriak egoitzan parte hartzen ari da, Claros de Bosque fikziozko film luzea garatzen.

Hurrengo ediziorako hautatutako artistak: Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta

Besteak beste, Maddi Barberrek honengatik aukeratu ditu:

"Nire ustez, Usuek eta Ainarak azken urteotan egindako lana bat dator Museo Bikoitza proiektuaren ikuspegiekin. (...) beraien lanak lotura estua du gertuko testuinguruarekin eta lurraldeko kultura adierazpenekin, industria, paisaia, kirola eta aisia bezalako alderdiak jorratuz. Askotan, artxiboetan edo bildumetan iraupen luzeko ikerketa egiten du, eta hainbat formatutan gauzatzen da: erakusketak, bideoak, performanceak eta argitalpenak. (...)

Clémentine Deliss kultur historialariak bilduma ilogiko eta probokatzaileak egitea proposatzen du Museo metabolikoan, elkarren artean aurrez aurre jartzen diren objektuak erabiliz eta interpretazio berriak eta ustekabekoak sortuz. Ainara eta Usue gonbidatzen ditut, San Telmori eta bere bildumei egindako begiradak egingo duten proiektuaren bidez ikertzeko espazioak eraiki eta museo barruan zein kanpoan ustekabeko loturak sor ditzaten."

Usue Arrieta (Arrasate, 1979) 2002tik dabil ikusizko arteen eta zinemaren alorretan lanak sortu, ekoiztu eta plazaratzen. Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Arte ekoizpenean Masterra du Valentziako Unibertsitate Politeknikoan. Bere ikus-entzunezko lanak instituzio publiko zein pribatuetan erakutsi dira, Miró Fundazioa, Tàpies Fundazioa, Centro de Arte Dos de Mayo, Musac edo San Telmo Museoan, besteak beste. Zinema jaialdietan ere erakutsi dira nazioarte mailan.

Bere artelanak bilduma publiko zein pribatuetan daude estatu mailan, la Caixa Fundazioa, Centro Galego de Arte Contemporáneo eta Bilbaoarten besteak beste. 2013an X Films saria jaso zuen Punto de Vista Nazioarteko Dokumental Jaialdian.
2013an Tractora Koop. E. artisten kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen, Bilbon. 2016ean New Yorkeko Anthology Film Archiven bere lanen atzerabegirako bat programatu zuten. Tractora ekoiztetxearen baitan lanean diharduela, 2018an landa lan eta edizio esperimentalean oinarritutako artisten liburuak plazaratzeko asmoz -zko argitaletxea sortu zuen Nader Koochaki eta Vicente Vázquezekin elkarlanean eta 2019an Ainara Elgoibarrekin batera Kinu Lantaldea eratu zuen, artisten zineman oinarria duen hiruhileko nazioarteko programazio eta autoformazio plataforma bat. 2020az geroztik Atoi izeneko arte espazioa gobernatzen du Ainara Elgoibarrekin batera.

Ainara Elgoibar (Mungia, 1975) artista da. LADEn lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean eta Arte Ederretan Bartzelonako Unibertsitatean; han ere doktoratu zen 2019an. Tractora artisten kooperatibaren bazkide sortzailea, Usue Arrietarekin batera zuzentzen du /kudeatzen du Atoi espazioa, Tractorak bultzatua, Bilbon. Bere lanean nabarmentzekoa da ikus-entzunezkoa. Bere filmak erakusketa testuinguruetan erakutsi dira (Fundació Tàpies, Macba, Artium Museoa, La Capella eta Carreras Múgica, besteak beste) eta zinema jaialditan (Zinebi, Punto de Vista, Curtocircuíto, Intersección eta Kasseler DokFest, besteak beste). Bere lanak Bilbao Museoko, Artium Museoko, Guasch-Coranty Fundazioko eta Bilbaoarteko bildumetan daude.


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: