AYUDAS A LA NAVEGACIÓN:

CONTENIDO PRINCIPAL DE LA PÁGINA:

Hinrich Sachs, 2022/2023

Ez du pausorik debalde ematen

Hinrich Sachs, Josune Urrutiarekin eta Leire Vergararekin elkarlanean. Ez du pausorik debalde ematen lanak hiru zati ditu: ehungintzako objektua, komikia eta saiakera. Hirurak biltzean proiektuak erronka egiten dio museologia-parametro nagusi bati, azaldutako jatorrizkoaren eta harekin batera doan testuaren arteko erlazioari. Horrela narratiba zabaldu eta historian ezabatutakoak azpimarratzen ditu.

2023ko urriaren 27tik 2024ko urriaren 27ra egongo da ikusgai museoko koroan.

Museo Bikoitzaren hasierako planteamenduari jarraiki, bosgarren edizio honek bildumako eta museoko narratibako objektu hautatuen berrinterpretazio bat proposatzen du.

Sortu berri den lanak hiru zati ditu. Lehenik eta behin, San Ignacio de Loyola itsasontziaren oihaletako baten tamainako olana. Ontzi hori XVIII. mendean erabili zen iberiar penintsularen eta Venezuela kolonialaren arteko bide atlantikoan, salgaiak eta tropak garraiatzeko. Bigarrenik, bi neraberen eta artistaren arteko elkarrizketa kontatzen duen komikia, egungo San Telmo Euskal Gizartearen Museoari buruzkoa. Eta, azkenik, Euskal Herriko garai kolonialeko gurutze-puntuko brodatuetan aurkitutako motiboen sinbolismoari buruzko saiakera.

San Ignacio de Loyola itsasontziaren oihaletako baten tamainako olana.

Ontzi hori XVIII. mendean erabili zen iberiar penintsularen eta Venezuela kolonialaren arteko bide atlantikoan, salgaiak eta tropak garraiatzeko.

San Ignacio de Loyola belaontzia 1730ean eraiki zuten Pasaian, Donostiatik gertu, Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren enkarguz. Sarritan zeharkatu zuen Atlantikoa Donostiatik La Guairarako bidean, Venezuela kolonialean, 1742an Karibeko arrezife batean hondoratu zen arte.

Olanak garai hartako itsas ehungintzako teknologia ahaztuak esperimentatzeko aukera ematen dio publikoari. Liho naturalez josita dago eta itsasontzi historikoaren trinketeko belaren neurriak ditu (gutxi gorabehera, 17 × 8 m), 1731ko euskal ontzigintzaren eskuliburu baten arabera kalkulatuta. Mihise hau XVIII. eta XIX. mendeen artean eskualdeko emakumeek gurutze-puntuan brodatutako ehun-pieza talde txiki batetik gertu kokatuta dago, bildumaren erakusketa iraunkorrean. Kointzidentzia-puntua ehungintzako ekoizpen-katea da. Bertan, landare-zuntzak iruten dira eta ehundu egiten dira arropa, itsasoihalak eta hilzapiak ekoizteko erabiliko den lihoa egiteko.

Bi neraberen eta artistaren arteko elkarrizketa kontatzen duen komikia

Horren osagarri, ikusizko narrazio bat aurkezten duen liburuxka bat dago, ehungintzari lekuko garaikideen ikuspegitik heltzen diona. Artistaren eta Donostiako eta Errenteriako bi neraberen arteko elkarrizketa batean oinarrituta dago. Fantasia pertsonalak kontatzen ditu, San Telmoko gurutze-puntuko brodatuak aztertzen ditu, eta loturak ezartzen ditu historia kolonialaren, genero-rolen eta Europako ehun-enpresen ekoizpen-kate globalen dinamikaren eta gaur egungo brodatutako moda-oldearen artean. Josune Urrutia ilustratzaileak artistarekin batera garatu zuen gidoi grafikoa, eta bereak dira ondoren egindako marrazkiak ere. Bisitariei ale bat eramateko gonbita egiten zaie.

Euskal Herriko garai kolonialeko gurutze-puntuko brodatuetan aurkitutako motiboen sinbolismoari buruzko saiakera.

Hirugarren elementua museoan eta beste bilduma batzuetan kontserbatutako Euskal Herriko gurutze-puntuko ehunetan sakontzen duen ikerketa lana da. Horietan erabilitako motiboen esanahia, materialak eta artisau teknikak aztertzen ditu, baita bere funtzio sozial eta sinbolikoak ere. Espainiako domeinu kolonial bortitz eta ustiatzailearen mendeetan ezartzen du ehunen eta brodatuen jatorria, eta iradokitzen du brodatutako motibo batzuk eskualdearen aberastasuna nabarmen handitu zen aldi horrekin lotuta egon daitezkeela.

Leire Vergara idazle eta ikertzailea da saiakeraren egilea, eta artistak gonbidatuta hartu zuen parte proiektuan, ikerketa-fasetik.

Hinrich Sachs

Hinrich Sachs (Osnabrück, Alemania, 1962) Basilean bizi den artista bisual eta idazlea da, era ibiltarian lan egiten duena. Haurtzaroa Donostian igaro ondoren, arte bisualak ikasi zituen Hanburgon, Alemanian, eta ondoren Parisen, Frantzian. Sachsek kultura arteko modu ibiltarian lan egiten du, narratibak ikertzen eta probatzen, zentzurik zabalenean, bizitza sozial eta politikoaren gune gisa. Euskal Herrian Arteleku eta Consonni bezalako erakundeekin kolaboratu du. Lehenago San Telmo Museoan erakutsi izan da, baita nazioartean ere, besteak beste, Le Plateau (Paris), Musée d'art Moderne et Contemporain (Geneva), Ludwig Museoa (Kolonia), Moderna Museet (Stockholm), AMIL Proiektua (Lima) eta Taipeiko Arte Ederren Museoa. 2021ean, Suitzako ProLitteris Fundazioak emandako Ikusizko Arteen Sari Nagusia jaso zuen.

Josune Urrutia

Josune Urrutia (Bilbo, 1976) artista bisuala da, batez ere ilustrazioan eta komikigintzan aritzen dena. Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon, eta gero Madrilen. Hauek dira bere argitalpen esanguratsuenetako batzuk: Breve diccionario enciclopedidico de MI cáncer (2017), Así me veo (2015) eta Hoy no es el día (2022). Hainbat komikiren antologietan parte hartu du, hala nola: La batalla por la 19ª Enmienda (2020), Tupust! (2021) eta Efectos secundarios (2021). Angulemako (Frantzia) Maison des auteurs-en egile egoiliarra izan zen (2019-2021); gaur egun ikertzailea da eta minbiziaren bilakaera zientifiko eta medikorako narratiba grafikoetan lan egiten du Aix-Marseillako (Frantzia) Unibertsitateko Ikasketa Aurreratuen Institutuan.

Leire Vergara

Leire Vergara (Bilbo, 1973) komisario independentea, idazlea, ikertzailea eta Bulegoa z/b Bilbon egoitza duen arte eta ezagutza bulegoko zuzendarikidea da. Erakusketa ugari komisariatu ditu eta bere idatziak hainbat aldizkari akademiko eta argitaletxetan argitaratu ditu, hala nola Bloomsbury Publishing House, MIT Press, Sternberg Press eta Cultural Dynamics Duke Unibertsitatean. Ehungintzari buruzko bere lana aurkeztu du Vienako Arte Ederren Akademian; Generali Fundazioan, Vienan; MACBAn, Bartzelonan; Carreras Mugican, Bilbon; San Telmo Museoan, Donostian; eta Astrud Fearnley Museeten, Oslon (laster). Ikusizko Kulturetan doktoretza du Goldsmiths Collegen, Londresko Unibertsitatean, eta Art Praxis masterrean irakasten du Dutch Art Instituten (Arteen Unibertsitatea, Arnhem, Herbehereak).

Datorren ediziorako hautatutako artista: Maddi Barber

Museo Bikoitzaren metodologiari jarraituz, Hinrich Sachs-ek hurrengo edizioan parte hartuko duen artista aukeratu du: Maddi Barber

Besteak beste, Sachs-ek honengatik hautatu du Barber: “2018an egin zituen lehen urrats nazionalak eta nazioartekoak, eta, geroztik, Barberrek aitorpena irabazi du zinema-komunitatearen eta bideoarteko adituen artean. Baina bere narrazio zinematografikoek hasieratik eduki dituzte audientzia handiek ikusteko moduko istorio pertsonal, enpatiko eta liluragarri baten osagai guztiak”.

Maddi Barber (Artzibar, Nafarroa, 1988). Bere lan zinematografiko berrienak (Paraiso, Gorria, Urpean Lurra, 592 metroz goiti) jaio zen Pirinio aurreko lurraldeari estu lotuta daude. Etnografia esperimentalaren ikuspegitik, bere filmek interesa erakusten dute oroimenaren, lurraldearen, azpiegituraren, ekologiaren eta gizakien eta naturaren arteko zaintza-etikaren arteko harremanean. Maddik ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta ikusizko antropologiako master bat egin zuen Manchesterreko Unibertsitatean. Iruñea eta Baiona artean bizi eta lan egiten du, ESAPBko (École Supérieure d 'Art Pays Basque) irakaslea delarik.

2019an Pirenaika ekoiztetxea sortu zuen, eta haren hainbat film ekoitzi ditu, baita hurbileko artista eta zinemagileenak ere, hala nola Gerard Ortín, Ainhoa Gutiérrez eta Irati Gorostidi. Era berean, Pulpa artisten taldeko kide da, eta La zurda sorkuntza garaikideko eta pentsamendu kritikoko gune autogestionatua jarri du abian Iruñean. Une honetan Tabakalerako Ikusmira Berriak egoitzan parte hartzen ari da, Claros de Bosque fikziozko film luzea garatzen.

 


CABECERA DE LA WEB:

San Sebastián, ciudad de la cultura

Menú de selección de idioma

Menú auxiliar:

Museo San Telmo en Redes Sociales:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Ayuntamiento de Donostia-San Sebastián

MENÚ PRINCIPAL:


BUSCADOR:


PIE DE PÁGINA:

  • Ayuntamiento de Donostia-San Sebastián
  • Gobierno Vasco
  • Diputación Foral de Gipuzkoa
  • Ministerio de Cultura

AYUDAS A LA NAVEGACIÓN: