Azken urtean zehar Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum bikote artistikoak egindako lanaren emaitza da instalazio hau.
Paperezko inperio baten atlasa tituluarekin San Telmo Museoko artxiboaren mapa bilduman espedizio bat egiteko tresna sortu dute. Dokumentu bakoitzean zehar kamera bat mugitzen duen beso robotikoa, ehunka lehen plano hartzen dituen bitartean.
"Imajina dezagun hain mapa perfektua, lurralde baten xehetasun guzti-guztiak batzen dituela. Mapa horrek, Borgesek idatzi zuenez, maparen mapa bat eduki beharko luke barnean, eta horrek aldi berean maparen maparen mapa bat, eta horrela infinituraino.
Mapa gehienak ez daude perfekzio maila goren horretan. Abstrakzioak dira, gure bizilekua den espazioaren irudikapen grafikoak. Itsaso amaigabeak, oihan zeharkaezinak eta hiri labirintoak irudi lau soiletara mugatzen dira, zirriborroak dira paper ahulezko orri batean. Nekez eskainiko dute munduko esperientzia pobretu bat baino gehiago.
Baina abstrakzioaren benetako boterea ez datza errealitatearen erreprodukzio fidelean. Errepresentazioek, aldi berean, unibertso propioak sortzen dituzte, kanpoko erreferentzietatik eratortzen ez direnak. Demagun orain lurraldea ez dela maparen aurretik agertzen. Are gehiago, eta mapa bera balitz lurraldeari existentzia emango liokeena?"
Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artistek San Telmo Museoko artxiboko mapa bilduma aztertu dute ideia hori buruan zutela. Horietako bat ere ez zen bilduman sartu bere zehaztasun topografikoagatik. Beren balioa historikoa eta kulturala da, eta oraintsuko historiatik Errenazimendura bitarteko aleak batzen ditu. Museoak gordetzen duen fraide domingotarren komentu zaharraren planoetatik abiatuta, euskal probintzietan zehar hedatzen dira, penintsula osoan, eta ozeanoak zeharkatzen dituzte antzinako kolonietako kostaldeak ukitzeko.
Unibertso birtual honetan zehar ibilbidea marrazten duen algoritmo autonomo bat programatu dute artistek. Satelite fantasma bat balitz bezala, etengabe zeharkatzen du muga gisa soilik museoko bilduma duen lurraldea.
Marrazten duten munduaren aztarnen artean bizi gara. Bataila irabaziez eta inperio galduez hitz egiten dute. Ezezaguna zena muga berriak marraztuz mendera ziteken garai batetaz hitz egiten dute. Lehen topaketen, indarkeriaren eta esplotazio politikoaren garaia. Museo etnografikoaren ideia bera sortuko zen garaia. Mapa horiek arakatzea, beraz, museoa bera arakatzea da, eta bilduma, erakusteko modu, hezkuntza eta entretenimendu kontzeptuak kolonialismoaren legatuan nola errotzen diren ulertzea.
Jaiok eta van Gorkumek espedizio hau egiteko tresna bat sortu dute: dokumentu bakoitzean zehar kamera bat mugitzen duen beso robotikoa, ehunka lehen plano hartzen dituen bitartean. Museoko biltegian lanean aritu dira, bere makina bere eskuetara iritsi ziren mapa guztiekin elikatzen. Ondoren, irudi bakarrean mihiztatu dituzte lehen planoak. Irudien bereizmena hain da handia, ezen begi hutsetik ihes egiten duten xehetasunak bereiz baitaitezke, hala nola paper-zuntzak, litografoaren hatz-marka bat edo paper-fitxategien etsai handiak sortutako zuloak: liburu-sitsa.
Irudien bereizmena hain da handia, ezen begi hutsetik ihes egiten duten xehetasunak bereiz baitaitezke: paper-zuntzak, litografoaren hatz-marka bat edo sits batek sortutako zuloak.
Betikotasun bat beharko litzateke mapetan xehetasun horrekin nabigatzeko. Horregatik, unibertso birtual honetan zehar ibilbidea marrazten duen algoritmo autonomo bat programatu dute artistek. Satelite fantasma bat balitz bezala, etengabe zeharkatzen du muga gisa soilik museoko bilduma duen lurraldea.
Agian, momenturen batean mapen mapa honetan museoa bera agertuko da. Eta bere erdian, figura bat antzematea ere posible izan liteke: ikuslea bere pentsamenduetan galduta, munduarekiko duen kokapenari begira.
Iratxe Jaio (Markina-Xemein, 1976) eta Klaas van Gorkum (Delft, Holanda 1975) bikote artistiko dira 2001etik. Bere praktika arkeologia esperimentalarekin pareka daiteke. Existitzen diren objektu eta dokumentuen esanahi soziala aztertzen dute, hauek bereganatuz eta beste testuinguru batean erreproduzituz. Erakusketa indibidual eta kolektibo ugaritan parte hartu dute, besteak beste gune hauetan: Gasteizko Artium Museoa; Bartzelonako ADN Plataforma; FRAC-Aquitaine Bordelen; Leongo MUSAC; Tabakalera Donostian; Vienako Kunsthalle Exnergasse; Fabra i Coats Bartzelonan; Amsterdameko De Appel; edo Konsthall C Stockholmen.
Museo Bikoitzaren metodologiari jarraituz, Jaiok eta van Gorkumek hurrengo edizioan parte hartuko duen artista aukeratu du: Hinrich Sachs.
Metodologia etnografikoak, Sachsen praktika artistikoan, ziurtzat jotzen ditugun gauzen atzean ezkutatzen diren estrategiak azaltzeko balio du, hala nola kartelen tipografia espazio publikoan edo haurrentzako hezkuntza materialetan erabiltzen diren irudiak. Artistak arreta berezia jartzen du globalizazio eta kapitalismo berantiarrak tokiko idiosinkrasia kultural espezifikoetan duen eraginean, eta dagoeneko klasiko bat den Euskal Tipografien Nazioarteko Enkantearen egilea da, 2001ean Consonnirekin elkarlanean burutua.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2024 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: