Berrikuntza-lanak amaituta, San Telmo Museoa berriz zabalik dago; orain, ekipamendu moderno eta handiagoa da, erosoagoa eta zerbitzuak eskaintzeko aukera handiagoak ditu. Museoaren antolaketa berrian bi zati bereizten dira: San Telmo jatorrizko eraikina eta pabilioi berria.
XVI. mendean eraikitako komentu domingotarra izaki, San Telmoren jatorrizko eraikina prozesu baten emaitza da; hain zuzen ere, urteak joan, urteak etorri, ezaugarri fisikoak eta funtzionalak partzialki eraldatu dituen aldaketa-prozesu luzearen emaitza. Gipuzkoako arkitekturan ale bakartzat hartzen da, estilo gotikoa eta errenazentista uztartzen baititu, arkitektura “isabelinoa” esaten zaion estiloa sortuz. Berezitasun bat nabarmentzearren, klaustroaren kokapena aipatuko dugu, izan ere, elizaren alde batean eraiki beharrean, elizaren behealdean eraiki behar izan zuten, Urgull mendiak ez zuelako tokirik uzten.
San Telmoren pabilioi berria Nieto eta Sobejano arkitektoek diseinatu dute. Hiriaren paisaiarekin eta Urgull mendiarekin bat egiten du eta lehen begiratuan, landare-elementuak dituen horma berri bat ikus daiteke, sakona eta arina, barruan bi pabilioi berri ezkutatzen dituela. Pabilioi horietan erakusketa iraunkorra eta aldi baterako erakusketak egongo dira, baita museoak eskaintzen dituen zerbitzuak ere.
Eraikin berriaren diseinuan bihurgune eta norabide-aldaketa txikiak atzematen dira eta, horiei esker, Urgull mendira oinez igotzeko irtenbide natural bat sortu da, aire zabaleko erakusketa-espazioak eratzeko aukera emanez.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2024 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: