San Telmo Museoa 1902an inauguratua zen eta Euskal Herriko museorik zaharrena da; alabaina, gaur egun berrituta eta helburu berriekin datorkigu. Museoaren fondo gehienek euskal gizartearekin lotura dutela kontuan izanik, San Telmo berritu egin da Euskal Gizartearen eta Herritarren Museo bihurtzeko.
San Telmoren hausnarketaren xedea iragan kultural eta historikoa da, egungo gizartearen hazia, hain zuzen ere, diziplina anitzeko ikuspegian oinarritua eta egungo elkarrizketara eta eztabaidara irekia. Etorkizuneko belaunaldietarako oroimena izateaz gain, museoak zaintzen duen ondare-aberastasun hori babesteko eta herritarrei jakitera emateko ardura du, guztiok ondare hori erabil dezagun eta horretaz balia gaitezen. Euskal gizartearen historia eta bilakaeraren bilduma adierazgarrienak kontserbatzeko, osatzeko eta handiagotzeko erantzukizuna hartu du San Telmo Museoak.
Museoa ez ezik, jakintza zabaltzeko eta pentsamendua sortzeko gunea ere bada San Telmo eta iraganeko jakintzatik abiatuta oraina ulertzeko eta etorkizuna eraikitzeko tresna izan nahi du.
Gaur egun, museoan 55.500 piezatik gora ditugu inbentariatuta hainbat kategoriatan: Etnografia, Arte Ederrak, Argazkilaritza, Arkeologia eta Historia.
Aipatu behar da San Telmo Museoa izango dela inguru honetan euskal gizarteari eskainitako museo bakarra, gizartearen museoaren ikuspegitik begiratuta, eta aldi berean, hiriko museoen artetik, Arte Ederretako area bat duen bakarra da.
WEBGUNEAREN TITULARRA:
ORRI-OINA:
Menu osagarria:
San Telmo Museoa. 2023 copyright ©
NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: